Umeak eta txirrindulariak nagusi Andramari jaietan

Olaia Mondragon 2004ko ira. 6a, 11:15
Zapatuan umeen eguna ospatu zuten; gero, herri bazkarian 110 pertsona inguru elkartu zen. Eguaztenean amaituko dira Andramari jaiak otxandiarren eta gatzagarren arteko lehiarekin.

Asteburuko ospakizunek inoiz baino jende gehiago erakarri zuten Gatzagako Andramari jaietara. Egubakoitzean hasi ziren giroa berotzen, Raflen ezkila emanaldiarekin, arratsaldeko seietan. Ordu berean etxafuegoak, bonba japoniarrak eta herriko trikitilarien emanaldia egon ziren, giroa berotzen hasteko. Dorletako Santutegian bederatziurrena entzun ondoren, txikiteoa egin zuten gatzagarrek, herriko trikitilariek lagunduta.

Gauean, ibar osotik etorritako 150 gazte baino gehiago bildu ziren Herriko Plazan rock kontzertua entzuteko. Never Surrender eta Enboskada taldeek plaza jendez bete zuten; jarraian, Kontamina Ke Algo Keda eta Golpe de Estado taldeek jo zuten, aurrekoek baino jende gutxiagorekin, baina primerako giroan.

Ume eta gazteen eguna

Zapatuan gaztetxoak izan ziren protagonista. Goizetik hasi ziren bonba japoniarrekin eta Gorritik girotutako jolasekin. Eguerdiko herri bazkarian 110 pertsona elkartu ziren bildots errea eta saiheskiak dastatzeko. Eguraldiak eta gatzagarren umore onak lagunduta, jende ugari ibili zen egun osoan, eta Trikizioren dantzaldiarekin bukatu zuten eguna.

Kirol aukera zabala

Domekan kirol aukera zabala izan zen Gatzagan. Goizean txirrindularitza lasterketa izan zen, Dorletako txirrindulari elkarteak antolatua. Proba honetan Gorka Amuriza igorrearra nagusitu zen. Arratsaldean, herriko gazteen eta nagusien arteko pilota partiduak jokatu ziren. Gazteetan Zaramaga izan zen garaile, Oiaga-Jaio bikotea, nagusietan. Asteburua amaitzeko, Dorletako Santutegian bederatziurrena ospatu zuten, eta jarraian dantzaldia izan zen Herriko Plazan, Kaixo taldearen eskutik.

Eguaztenean bukatuko dira Andramari jaiak, gatzagarrek otxandiarren kontra egingo duten lehiarekin. Dena den, horren aurretik, martitzenean ere egongo da girorik Gatzagan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak