Astelehenean, uztailak 12, arratsaldean emango diete Leintz Gatzagako gaztetxoek hasiera aurtengo udalekuei. Bi astean zehar arratsaldero elkartuko dira 16:00etatik 19:00etara, askotariko ekintzak aurrera eramateko.
Hemeretzi lagunek hartuko dute parte aurten beraientzat antolatutako ekimenetan. Bi begirale izango dituzte: Ainara Olabarrieta eta Balen Valor.
Denbora tarte horretan, besteak beste, herri-kirol, ur-jolas eta karaokean parte hartzeko aukera izango dute herriko gaztetxoek.
Gatzagaren abantailak
Gatzaga aukera ugari eskaintzen duen herria da, inguru lasaiak eta jolasteko aukera eskaintzen dutenak ditu. Gainera, autoa hartu beharrik ere ez dago.
Hala ere, bi aste horietan Gatzagatik kanpo irteeraren bat edo beste egingo dute.