10.000 euro eman du Diputazioak etxerik etxeko laguntzarako

Mirari Altube Arrese 2009ko otsailaren 12a

Astean bertan onartu du Aldundiak etxerik etxeko laguntza zerbitzua emateko dirulaguntza. Gipuzkoako udalekin sinatutako lankidetza hitzarmena beteko du hala, eta guztira 14 milioi eta erdi euroko gastua aurreikusi du. Horietatik 10.000 euro Gatzagarako izango dira.

Etxerik etxeko zerbitzua norbere kasa moldatu ezin diren herritarrendako da eta bi eratako laguntza eskaintzen dute: pertsonala –garbitasun pertsonalerako…– eta etxeko lanak egiteko –etxeko garbitasuna, sukaldeko lanak…–. Bietako edozeinen beharra duten herritarrek udaletxeko Gizarte Zerbitzuetara jo behar dute eskaera egiteko, eta ez dago eperik horretarako. Udaletik Aldundira egiten dute laguntza eskaera, eta hark mendekotasunaren balorazioa egiten dio eskatzaileari: "Hala, zenbat orduko laguntza beharko lukeen zehazten dute. Gehienez ere hiru ordu jaso ditzake herritar batek eguneko", azaldu digu Ainara Gabilondo Gatzagara etortzen den Bideberri mankomunitateko gizarte laguntzaileak. Horrekin batera beste balorazio bat egiten dute zenbat ordaindu behar duen erabiltzaileak zehazteko: "Eskatzaileak duen pentsioa eta ondarea hartzen dute kontuan laguntza pertsonalaren kasuan, eta etxean bizi diren gainerako kideen diru sarrerak ere bai, etxeko lanak egiteko laguntza eskatuz gero", dio Gabilondok.

Gatzagan bi lagunek

Gatzagan GSR enpresak ematen du etxerik etxeko zerbitzua eta bi lagunek jasotzen dute: "Azken urteotan gora egingo zuela eskaerak pentsatzen genuen baina ez da hala izan", azaldu digu Gabilondok. Herritarren batek argibide gehiago gura izanez gero zerbitzu horren gainean udaletxeko Gizarte Zerbitzuetan emango diote, martitzen goizetan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak