Dantzaldi gidatua, dantza eta musika uztartuz, plaza biziberritzeko asmoz

Imanol Beloki Unamuno

Egin zuten lehenengo erromerian, Aretxabaletan. Argazkia: Gari Barandiaran

Euskararen Nazioarteko Eguna abenduaren 3an ospatzen bada ere, Eskoriatzak aurreratu egingo du euskararen aldeko aldarria, eta zapatu honetan egingo du Euskararen Herri Eguna. Euskararen inguruan elkartzeko, euskal ohiturak partekatzeko eta horiei jarraipena emateko, egun osoko egitaraua antolatu dute herrian.

Eguneko ekintza guztiak Fernando Eskoriatza plazan jarritako karpa azpian izango dira, eta eguneko jai giroa 13:00etan hasiko da, Garazi eta Amaiur musikari arrasatearren eskutik. Barrena ahizpek emanaldi akustikoa egingo dute Fernando Eskoriatza plazan. Ondoren, herri bazkaria zen egitekoa, baina, txartel gutxi saldu direnez, bertan behera uztea erabaki dute antolatzaileek.

Egitaraua

Ekitaldi guztiak Fernando Eskoriatza plazan jarritako karpan izango dira.
• 13:00 Garazi eta Amaiur musikari arrasatearren kontzertu akustikoa.
• Euskararen Herri Eguneko bazkaria –-Bertan behera geratu da.
• 18:30 Dantzaldi gidatua, Eskoriatzako eta Aretxabaletako musikariekin.
• 22:00 Maskak taldearen kontzertua.

Erromeria gidatua

Iluntzean, berriz, dantzarako tartea izango da. Izan ere, 18:30ean, Aretxabaletako eta Eskoriatzako musikariek osatutako erromeria taldeak girotuko du arratsaldea, dantzaldi gidatu baten bidez. Duela hilabete batzuk jarri zuten martxan taldea, eta euskal dantzen eta herri-musikaren bidez plazak biziberritzeko asmoz arituko dira, eta bertaratutako guztiei dantzan aritzeko aukera eskainiko diete. "Euskal Herri osoan, oro har, herri kulturak plazetan presentzia galdu duela uste dugu. Horregatik, Leintz bailaran, ahal dugun neurrian, plaza horiek berreskuratzea jarri dugu helburutzat. Erromeria da horretarako sortu dugun ekimenetako bat", azaldu du Gari Barandiaranek, erromeria gidatuan arituko den musikarietako batek.

Aretxabaletako eta Eskoriatzako musikarien erromeriak girotuko du arratsaldea

Taldearen asmoa, ordea, ez da musika bakarrik eskaintzea; herritarrak dantzan jartzea ere bada. "Bailaran dantzak indar handia du, baina dantza-taldeek betetzen dituzte plazak, eta herritarrak ikusle izaten dira, gehienetan. Dantza gustuko dutenak, berriz, entseguetara joatera, dantza egiteko modua hobetzera eta, azken batean, dantza egin ahal izateko ordaintzera bultzatzen ditugu. Guk, baina, erromeriaren bidez, plazan egiten den edozein dantzatan parte hartzeko aukera eman nahi diogu jendeari, dantzan jakin ala ez, entseguetara joan ala ez".

Barandiaranek nabarmendu duenez, zapatuko hitzorduan arituko diren musikariek ez dute talde finko bat osatzen; hau da, egunerako prestatutako saio berezia izango dela azaldu du: "Eskoriatzako eta Aretxabaletako musikari batzuek osatzen dugun taldea ez da talde finkoa. Pixkanaka, hainbat lagun batu gara proiektura, eta erromeria bakoitzean prest dagoenak hartzen du parte. Nik, esaterako, lehenengo aldiz musikari parte hartu nuen; hurrengo bi dantzaldietan ez nintzen egon, baina Eskoriatzako dantzaldirako berriro batu naiz. Musikariez gain, dantza-taldeetakoak ere baditugu; entseguetan erritmoa eta errepikapenak markatzen dizkigutenak, eta plazan herritarrei laguntzen dietenak".

Azken batean, erromeriaren bidez, euskal musikak eta dantzak plazetan duten lekua indartu egin nahi dute, elkarrekin dantza eginez, tradizioa bizirik mantentzeko asmoz.

Maskak taldea

Azkenik, eguna borobiltzeko, 22:00etan, Maskak taldearen kontzertua izango da. Lapurdiko Itsasu eta Nafarroa Behereko Bidarrai herrien arteko Errobi haranetik datorren taldeak pop-rock eta elektro-rock doinuak eskainiko ditu.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak