Debagoieneko Mankomunitateak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta bailarako Udalek abiatutako ekimena da eta herritarrek tabernetan euskaraz eskatzea du helburu. Bi aktore ibili ziren atzo helburu hori lortzeko lanean, tabernetan zeuden eskoriatzarrak euskaraz eskatzera animatuz. "Tabernetan hiztegi txiki batzuk daude testuinguru horretan erabiltzen diren hitz ohikoenekin, kontsumitzaileak eta zerbitzariak euskaraz hitz egitera bultzatzeko helburuarekin. Espero dugu, kanpainak abenduaren 15era arte iraungo badu ere, aurrerantzean herritarrek tabernan euskaraz hitz egitea; izan ere, tabernak dira harremantzeko erabiltzen ditugun tokietako bat", adierazi zuten aktoreek.
Herritarrek kanpainarekin bat
Hainbat herritarrek adierazi zuten euren ohitura "euskaraz eskatzea" dela, eta kanpaina egon edo ez, beti horrela egingo dutela. Hala ere, "kanpaina polita" iruditu zaie askori eta taberna giroko "berba azkarrak ikastera bultzatzea" garrantzitsua iruditu zaie. Aurreiritziekin lotutako zerbait dela diote hainbatek: "Erdaraz eskatzen dugu batzuetan, pentsatuaz zerbitzariak euskaraz ez dakiela. Sorpresa polita izaten da zerbitzariak euskaraz ez dakiela pentsatu eta euskaraz entzutea".
Badaude euskaraz ez dakiten zerbitzariak, baina horiek ere adierazten dute "tabernari lotutako hainbat hitz eta esaldi" ezagutzen dituztela eta "eskertu" egiten dutela eurei euskaraz hitz egitea.