Leire Bilbao idazlearen Musu bete urte liburuan oinarritutako antzezlana da, eta, ikuskizunarekin batera, ipuin berri bat ere aurkeztu dute, Maite Mutuberriak ilustratua. Hala, Katxiporretako pailazo ezagunak oholtzara igoko dira, naturaren zikloak, urtaroak eta euskal kulturako ohiturak musuen bidez kontatzeko. Horretarako, umorea, musika, dantza eta jolasa izango dituzte bidelagun.
Estreinaldia, Eskoriatzan
Urte luzez egin duten moduan, proiektu berri baten estreinaldia ekarriko dute aurten ere Eskoriatzara. "Urtero, Legazpin aurrestreinaldia egin izan dugu, bi saiotan. Ikuskizuna probatzeko eta azken moldaketak egiteko izaten da, eta, ondoren, Eskoriatzan hasten gara. Oso pozik joaten gara bertara eta harrera ezin hobea izaten dugu. Eskoriatzako Udalak antolatutako ekimena bada ere, boluntario aritzen diren herritarrek ere parte hartzen dute saioa antolatzen, eta hori asko gustatzen zaigu. Horregatik, Eskoriatza etxetzat sentitzen dugu", azaldu du Joxe Mari Agirretxe Porrotx-ek.
Urtaroak, musuz kontatuta
Ikuskizunean, Porrotxen papera Joxe Mari Agirretxek antzeztuko du; Marimototsena, Mertxe Rodriguezek; Pupurena, Izaskun Forcadak; Lorerena, Joanes Echevestek; eta pertsonaia berria izango den Marigorringorena, Oihana Sanchezek.
"Euskal Herriko kultura naturatik eratorria da. Lotura berezia izan dugu beti ama lurrarekin, eta gure kultura ere hortik dator. Ezin dugu hori galdu: biodibertsitatea, gure soroak eta animaliak zaindu egin behar ditugu, hor baititugu oraina eta geroa. Hori aldarrikatu nahi dugu, naturak eta kulturak bat egiten dutela erakutsi. Gure istorioan, Pupuk eta Lorek urtebetetzeak ospatu berri dituzte, eta hurrengoa noiz ospatuko duten galdetzen hasi dira. Urtea Lurrak Eguzkiaren inguruan bira bat egiten duenean igarotzen da, eta guk musuen bidez kontatuko dugu hori: urtaro bakoitzari musuak oparituko dizkiogu; buruhandiek, Olentzerok eta Mari Domingik ere musuak emango dizkigute... Musuz musu, urtea azkarrago igarotzen da. Bidaia horretan, Marigorringok lagunduko digu".
Sarrerak sei euroan eskuratu ahal izango dira, Manuel Muñoz kiroldegian; eta bibe.me webgunean, %10eko gehigarriarekin. Oraindik sarrerak salgai daudela adierazi dute antolatzaileek