Herri bazkaria 15:00etan egingo da Fernando Eskoriatza plazan jarriko duten karpan. Menuan patatak errioxar erara, oilasko izterrak saltsan, postrea, ogia eta edariak izango dira. Txartelek 16 euro balioko dute 16 urtetik gorakoentzat, eta 14 euro 15 urte artekoentzat. Azaroaren 6tik 26ra bitartean erosi ahal izango dira, Eskoriatzako Manuel Muñoz kiroldegian eta Inkernu tabernan.
Dantzaldi gidatua
Eguneko egitaraua, ordea, ez da bazkarira mugatuko. 13:00etan, Arrasateko Garazi eta Amaiurren kontzertu akustikoak emango dio hasiera jai giroari, Fernando Eskoriatza plazan. Bazkalostean, berriz, Aretxabaleta eta Eskoriatzako musikariek osatutako taldearen dantzaldia izango da. Duela hilabete batzuk sortutako erromeria estiloko taldeak dantzarako aukera eskainiko die bertaratutakoei, dantzaldi gidatuaren bidez.
Maskak taldearen kontzertua
Egunari amaiera emateko, 21:00etan, Itsasu (Lapurdiko udalerria) eta Bidarrai (Nafarroa Behereko udalerria) Errobi ibaiaren haraneko Maskak taldearen kontzertua izango da Fernando Eskoriatza plazan. Pop-rock eta elektro-rock musika euskaldun taldeak Euskararen Herri Eguna borobilduko dute.