"Denborak ez ditu ezabatu ez ikasitakoa, ez bizitakoa, ezta elkarrekin eraikitako loturak ere. Izan ere, 50 urte igaro dira, baina badira denboraren gainetik irauten duten loturak", azaldu du Resu Abasolok, bertan batutako guztien izenean.
Eskoriatza plazan egin zuten topo, ilusio handiz. "Elkar ikusi, berriz ezagutu, oroitzapenak partekatu, hitz egin, barre egin eta urte hauetan guztietan sortutako distantzia laburtzeko aukera izan genuen. Ondoren, aperitiboaren bueltan, lehenengo ikasgela hura gogorarazteko oroigarri bat elkarbanatu genuen. Eta, eguna borobiltzeko, elkarrekin bazkaldu genuen, oroitzapenak eta bizipenak partekatzen jarraitzeko. 39 izan ginen orduan; gaur, 35 gara".
Premiazko prestaketa
1976an sortu zen Eskoriatzako Irakasle Eskola, Debagoieneko irakaskuntza-kooperatibak biltzen zituen Hezibide Elkartearen ekimenez. Garai hartan, ikastetxeek euskarazko irakasle tituludunen premia handia zuten, eta behar horri erantzuteko sortu zuten eskola. Horrela hasi zen lehen ikasleen belaunaldiaren ibilbidea, hasieran Salamancako Unibertsitate Pontifizioaren ikasgela gisa.