Jatorri eta zapore askotariko hamabi ardo-mota zapatuko dastatzean

Imanol Beloki Unamuno

2025ean egindako ardo dastaketa hasi berri.

Atxorrotx Kultura Elkartearen ardo dastatzearen hamazazpigarren edizioa egingo dute, zapatuan, Fernando Eskoriatza plazan (18:30).

Azaroaren 21ean, Atxorrotx Kultura Elkarteak antolatutako ardo dastatzearen XVII. edizioa egingo da. Beste urte batez, askotariko jatorri eta zaporeak dituzten ardoak ezagutzeko eta dastatzeko aukera izango da Fernando Eskoriatza plazan, 18:30ean, mokadutxo batek lagunduta.

Gune bakoitzean hiru ardo

"2008an hasi genuen ardo dastaketaren ekimenak urtero egin du aurrera, 2020an eta 2021ean izan ezik. Aurtengo edizioan, hamabi ardo izango ditugu dastatzeko, lau ataletan banatuta: hiru ardo zuri (Carrasviñas Blanco, Albariño Pionero 2024 eta Ultreia), hiru munduko ardo beltz (Pruno 19, Hermanos Lurton eta Pizarras y Esquistos), hiru Euskal Herriko ardo beltz (Primicia 2021, Seleccion Luis R 20 eta Vallobera Crianza) eta hiru ardo berezi (Moscato Pontevecchio, Protos Clarete eta Oremus Mandolas)", azaldu du Juan Luis Zubizarretak, Atxorrotx Kultura Elkarteko lehendakariak. 

Ardoaz gain, kroketak

Euskararen Egunera begira karpa muntatuko dutenez, zapatuan ere hura baliatuko dute, badaezpada, eguraldi txarrari eta hotzari aurre egiteko. Bertan, herritar boluntarioak arituko dira lanean, lau gunetan banatuta, ardoak eta jatekoak zerbitzatzen. Izan ere, ardoez gain, urdaiazpiko iberikozko eta onddozko kroketak ere izango dira aukeran. Giroa alaitzeaz, berriz, Eskoriatzako txistulariak arduratuko dira, erromeriarekin.

Txartel bidezko sistema

Jan-edan guztiak txartel bidez ordainduko dira. Txartel bakoitzak bi euro balioko du, eta dastaketa-gunean bertan erosi ahal izango dira. Ardo bakoitza eta pintxo bakoitza dastatzeko txartel bana beharko da, Oremus Mandolas ardo hungariarraren kasuan izan ezik, bi txartel balioko baititu.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak