Erakusketak, errezitaldiak eta gomendioek bat egin dute Poesialdian

Imanol Beloki Unamuno

Maria Oses eta Lexuri Doyague artista arrasatearrak, erakusketa atzean dutela, Eskoriatzako bibliotekan. Ibai Irasuegi

Argiak sabaian korrika erakusketa ikusgai dago bibliotekan; poesia-liburuen gomendioen txokoa ere jarri dute bertan; eta zapatuan, Leire Bilbao idazlearen errezitaldia egongo da Zaldibar antzokian Eskoriatzan antolatu duten Poesialdiaren egitarauaren barruan.

Poesialdian murgilduta daude asteon Eskoriatzan; izan ere, poesiari merezi duen garrantzia eman nahi diote, eta Poesia Asterako hiru proposamen bildu dituzte horretarako: Argiak sabaian korrika erakusketa, Leire Bilbaok azaroaren 14an egingo duen Ortubetepoema errezitaldia eta bibliotekan ikusgai dagoen poesia-gomendioen txokoa. Hiru ekimenen bidez, poesia irakurtzeko, entzuteko eta ezagutzeko aukera izango dute herritarrek.

Iñigo Astizen bisita batetik abiatuta antolatu dute, lehenengoz, Poesialdia

Poesia bistaratu

Eskoriatzako bibliotekako langileek Iñigo Astizen bisita izan zuten. Izan ere, Eskoriatzako bibliotekak haurrei zuzendutako liburuen artean poesia-atala ere badu, eta, Iñigo Astiz euskal literaturaren munduan erreferentea izanik, zorionak eman zizkien egindako lanagatik. Bisita hartatik abiatuta, poesiak literaturaren arloan duen ikusgarritasun eskasa kontuan hartuta, haren sustapena bultzatzeko Poesialdia antolatzea erabaki dute, lehenengoz, Eskoriatzan. "Poesia ez da literaturaren arloan diziplina ikusgarriena, eta horren sustapena egiteko antolatu dugu Poesialdia", azaldu du Itsaso Pagoagak, Eskoriatzako Udaleko Kultura teknikariak. Gainera, iaz ekimen berri bat jarri zuten abian bibliotekan, eta hori ere txertatu dute egitasmoan. "Hilero artista gonbidatu baten inguruko erakusketak antolatzen dira, iaztik, eta ekimen hori poesiarekin ere uztartu nahi izan dugu oraingoan", gaineratu du Pagoagak.

'Ortubetepoema', Leire Bilbaorekin

Leire Bilbao idazleak poesia emanaldia egingo du, haurren irudimena piztu eta poesiaren mundura hurbiltzeko. Emanaldia azaroaren 14an izango da, 17:00etan, Zaldibar antzokian, euskaraz, eta Eskoriatzako Udalak antolatuta; sarrera doakoa izango da.


"Ortubetepoema; Ortu poetiko bat xomorro eta piztiaz betea jarri diogu izena emanaldiari. Poesia emanaldi honekin, haurren irudimenari ateak ireki nahi dizkiogu. Batez ere, gonbidapena haurrentzat da, baina ez eurentzat soilik. Defendatu nahi dut poesiarekin harritzea izango dela asmoa, poesia dibertigarria izan daitekeela gatoz defendatzera. Poesia oso beharrezkoa da gure bizitzetan, eta ezustekoak eramango genituzke. Gaur egun, produktibitatea, denbora, estresa… dena ari gara neurtzen, eta poesiak norberarentzat denbora hartzeko ematen du, besteak beste". Hala, zapatuko errezitaldia Leire Bilbaok idatzitako hainbat libururen arteko batuketa izango da. "Haur eta gazteentzako nire lehen poema-liburua Xomorropoemak eta beste piztia batzuk izan zen; bigarrena, Piztipoemak eta beste xomorro batzuk; hirugarrena, Barruko hotsak eta beste soinu txiki batzuk; eta, azkenik, orain dela gutxi argitaratutako Ortupoemak. Hori horrela, azken liburuko poemak ez ezik, aurreko liburuetako zenbait poema ere irakurriko ditut; errezitaldiari Ortubetepoema izena jarri diot".

Erakusketa, zabalik

Miau estudioak Argiak sabaian korrika liburuaren sortze-prozesua azaltzen duen erakusketa da Poesialdiko ertzetako bat. Maria Oses eta Lexuri Doyague arrasatearrek osatzen dute estudioa, eta iaz argitaratu zuten bien arteko lehen lana, autoedizioaren aldeko apustua eginez. Poema-liburuak Maria Osesek idatzitako poesia-testuak eta Lexuri Doyaguek egindako ilustrazioak biltzen ditu. Bien arteko elkarlanaren emaitza unibertso urdin berezia da, zaldiz, sumendiz eta ardiz osatutako iruditeria poetikoa ardatz duena. [Hona hemen Goienako erreportajea]

Ikusgai dago 'Argiak sabaian korrika' erakusketa, abenduaren 4ra arte, bibliotekan

Erakusketa joan den egubakoitzetik irekita dago bibliotekan, eta bertan, liburuaren atzean dagoen sormen-prozesua ezagutzeko aukera eskaintzen du, ideiaren sorreratik liburuaren gauzatzera arte. Horren bidez, bi sortzaileek egindako lana eta Miau estudioaren autoedizio-prozesua gertutik ezagutzeko aukera izango dute bisitariek. "Laborategitxo bat da; Argiak sabaian korrika duela urtebete argitaratu genuen liburuaren prozesua azaltzen duen erakusketa bat da", dio Maria Oses idazleak. "Liburu hau hasieran testu batzuk ziren, eta, forma hartze horretan, bisualki lan eginda, zentzua topatzeko saiakera bat izan zen". Erakusketa kronologikoki antolatuta ez egon arren, gaika antolatu dute, nahiz eta liburuko poemak horrela antolatuta ez egon. "Urteetan zehar idatzitako testuen bilduma bat da; badaukate hari bat, edo hari batzuk, eta badira nire bizi garai baten kronika poetikotxo bat".

Eskoriatzako bibliotekak, gainera, herriko eta inguruko sortzaileen eta eragileen lanak erakusteko espazio gisa duen konpromisoa berretsi du ekimenarekin. Erakusketak sorkuntza artistikoa eta tokiko kultur eragileen lana herritarrengana hurbiltzea du helburu. Hala, abenduaren 4ra arte egongo da ikusgai.

Poesia-gomendioen txokoa

Bibliotekan poesia asterako liburuen gomendio-txokoa ere jarri dute, eta, astebetez soilik irekita egon behar zuen arren, abendura arte egongo da zabalik. Bertan, hainbat idazleren poesia-liburuak daude, hala nola Juan Kruz Igerabideren Ur: euriaren liburua; Oihana Aranaren Zerua hemen; Ane Zubeldiaren Kontra; Leire Ugadiren Simulakro bat; Itziar Ugarteren Gu gabe ere; eta Karlos Linazasororen Ezer gehiago behar gabe…

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak