Katxiporretakoek urtero moduan, azaroan, Eskoriatzan egingo dute geldialdia. Oraingoan, Porrotx, Marimotots, Pupu eta Lore pailazoek Musu bete urte ikuskizun berria ekarriko dute, eta musuak izango dituzte ardatz. "Musuz bete ditzagun udazkena, negua, udaberria eta uda. Musuz urtea eta bizitza. Musuekin gure lurra ere biraka jartzen delako, kantuan eta dantzan. Eta gu berarekin! Ze zapore du marigorringo baten musuak? Konta daiteke urte oso bat musutan? Zatoz pailazookin eta jakingo duzu!".
Euskararen Eguneko bazkarirako txartelak salgai
Bestalde, Euskararen Herri Eguna ospatuko dute azaroaren 28an Fernando Eskoriatza plazan. Jaia 13:00etan hasiko da, Garazi eta Amaiurren kontzertu akustikoarekin, eta 15:00etan herri-bazkaria egingo dute. Txartelak azaroaren 26ra arte egongo dira salgai, Manuel Muñoz kiroldegian eta Inkernu tabernan. Bazkariaren ostean dantzaldi gidatua egingo dute, Eskoriatzako eta Aretxabaletako musikariekin. 21:00etan, berriz, Maskak taldeak emango dio amaiera jaiari.