Beatriz Egizabal: "Nitaz hitz egin arren, guztiei eragiten die 'Gregoria'-n kontatzen dudanak"

Koldo Zubia Salas

Beatriz Egizabal, bakarrizketa saio batean. Irudia: Beatriz Egizabal.

Beatriz Egizabal kontalariak Gregoria bakarrizketa taularatuko du bihar, Eskoriatzako Zaldibar antzokian, 19:00etan. Ez da lan berria, iazko martxoan estreinatu zuen, eta aurretik ere ekarri du Debagoienera. Bakarrizketak modu umoretsuan kontatzen du Egizabalek feminismoan egindako bidea.

Zegaitik izen hori?

Pertsona bakoitzak duen bigarren izaerarekin lotuta dago. Bakarrizketan argitutuko da zergatik den Gregoria izena. Baina ez dizut spoiler gehiago egingo. 

Bakarrizketak galdera bat du abiapuntu: Feminista jaio ala egin egiten da? Zu zeu noiz hasi zinen zeure burua feministatzat hartzen?

Gregoria bakarrizketan horixe kontatzen dut: feminismoan izan dudan ibilbidea, fikzio pixka bat gehituta. Mugimendura gerturatzera zerk eraman ninduen kontatzen dut. Halakoetan zerbait ez dagoela ondo nabaritu arren, kartel bat ikustean edo gonbidapen batekin sartzen zara mugimenduan. Nire kasuan, ere hala izan zen.

Zeintzuk dira umoreak ematen dizkizun aukerak?

Bakarrizketa honetan nitaz ari naiz hizketan. Umorea txertatzen dudanean, neure buruaz egiten dut barre. Erabaki honek zilegitasuna ematen dit; izan ere, nire kontuez ari naiz barre egiten. Ezohikoa da feminismoa ikuspegi horretatik aztertzea, eta niri errazagoa egiten zait. 

Umorea egiten denean, askotan, besten lepotik egiten da. 

Umore mota asko daude. Goitik beherako umorea egin daiteke; zeu baino egoera zapalduagoan dagoenari barre egin diezaiokezu. Umore zapaltzailea izango litzakeena da hori. Behetik gora ere egin daiteke; pribilegio gehiago dauzkan horri egitea, alegia. Gero, parez pareko umorea dago; zeuk zeure buruari egiten diozun hori. Bakoitzak nahi duena egin dezake, baina horrek leku batean jartzen zaitu; ez da neutrala umorea.

Nola bihurtzen duzu kontakizun pertsonal hori kolektibo?

Esan bezala, nire egunerokotasunean gertatutako kontuak daude oinarrian, baina kontatzen ditudanak ez dira arazo indibidualak; kontatzen dudanak kolektibo osoari eragiten dio.

Denborarekin, Gregoria bakarrizketa moldatzen joan zara?

Bai, noski. Lehenengo saioetan aldaketa handiak izaten dira, jendaurrean probatzen delako bakarrizketa. Behin hori finkatzen denean, bizitza propioa hartzen joaten da; baina beti dago zer edo zer aldatzeko. 

Duela urtebete Aretxabaletan izan zinen. Eskoriatzan aukituko dutena, beraz, ez da gauza bera izango.

Bai, noski. Gainera, bakarrizketa oso gertukoa denez, publikoak ere badu zer esana. Antzerkiaren parte oso garrantzitsua da publikoa. Lekua eta eta publikoa aldatzen denean, obra ere aldatzen da. Duela urtebete egon nintzen Aretxabaletan, eta, noski, ez da gauza bera izango; hobea izango da! [barrez]. 

Nola gustatuko litzaizuke irtetea ikus-entzuleak Zaldibar aretotik?

Niri, batez ere, publikoak ondo pasatzea eta barre egitea gustatuko litzaidake. Hori da helburua.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak