Argindar-arazoek lanak moteldu dituzten arren, martxan da igogailua

Imanol Beloki Unamuno

San Pedro auzoko igogailuaren lanak amaituta, herritarrek erabili dezakete dagoeneko. imanol beloki

San Pedro auzoko igogailu publikoa aste honetan jarri dute martxan, obrak argindar-hornidurako arazoengatik aurreikusitakoa baino gehiago luzatu ostean. Igogailuak bi mailen arteko irisgarritasuna hobetuko du, eta 07:00etatik 23:00etara egongo da erabilgarri.

San Pedro auzoko 11. eta 12. atarien artean igogailu publikoa jartzeko lanak aste honetan amaitu dituzte. Urte hasieran hasi zituzten obrak, baina aurreikusitakoa baino gehiago luzatu dira, argindar-horniduraren potentzia faltak proiektua egokitzea eta berri bat egitea ekarri baitu. Hori horrela, eguaztenetik dago martxan igogailua.

Irisgarritasuna hobetu

Eskoriatzako Udalak otsailaren 13an eman zuen lanen hasieraren berri. San Pedro auzoko irisgarritasuna hobetzea zen helburua, bi mailen arteko desnibela gainditzea errazteko eta, bereziki, adinekoen eta mugikortasun-arazoak dituzten bizilagunen egunerokoa errazteko.

Hasiera batean aurreikusitako proiektuak, ordea, argindar-horniduraren potentzia nahikorik ez zuela ikusi zuten. Egoera haren ondorioz, Udalak beste proiektu bat egin behar izan du, eta horrek obren egutegia atzeratu du. Uztailean, lanak azken txanpan zeudela jakinarazi zuten, baina oraindik beirazko estaldura jartzea falta zen. Beira uztailaren 27an iristea aurreikusi zuten, eta, ondoren, azken lanak egitea.

Eguaztenean, igogailua martxan jarri zutenekoa.

Hala, asteon jarri dute martxan San Pedro auzoko igogailu publikoa, eta dagoeneko erabilgarri dago bizilagunentzat. Horrekin, auzoko bi mailen arteko desnibela gainditzea errazagoa izango da, bereziki adinekoentzat eta mugikortasun-arazoak dituztenentzat. Eskoriatzako Udala pozik dago emaitzarekin. "Eguaztenean jarri genuen martxan igogailua. Kosta egin zaigu lanak bukatzea, baina pozik gaude egindakoarekin. Orain, auzotarrek erabil dezatela eta ea nolako harrera duen. Proba dezatela eta erabili dezatela, eta zaintzeko eskatzen diegu eskoriatzarrei", azaldu du Edorta Zubizarretak, Eskoriatzako alkateak.

Ordutegia

Igogailuak bi geltoki ditu, eta gehienez 1.250 kiloko karga hartzeko gaitasuna du; hau da, hamasei pertsonarentzako edukiera izango du. Gainera, jarduketa-eremuko zoladura, barandak eta argiteria ere berritu dituzte. Proiektuak hasiera batean 223.522,14 euroko aurrekontua bazuen ere, azkenean 236.000 euroko kostua izan dute lanek. Gainera, bi kamera jarri dituzte igogailuaren goiko eta beheko ateetan, sarreretako irudiak grabatzeko. Igogailua erabiltzeko ordutegia 07:00etatik 23:00etara izango dela jakinarazi du Udalak.

Serigrafiaren polemika

Igogailuaren beirateek serigrafia bat dute, eta horrek eztabaida sortu du auzotarren artean, Udalak jakinarazi duenez. "Espazio berria ingurunearekin bat datorren elementu natural gisa agertzen da. Izan ere, igogailuaren hormek eta pasabideko barandek beirazko azal bat osatzen dute, baso bat duena serigrafiatuta. Goiko parkearen isla da, natura herrira jaitsiz", azaldu du alkateak.

San Pedroko igogailua, goiko parke aldetik.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak