Ordutik, haurrek zein helduek zeramika lantzeko aukera izan dute Zubiate labean, sormena, irudimena eta elkarbizitza sustatuz. Askotariko piezak egin dituzte, eta, bidean, erronkei ere aurre egin behar izan diete; labea eta lanerako espazio egokia izateko beharrari, besteak beste.
Hamar urte hauetan, Buztinatek buztinaren inguruan biltzeko eta herriko tradizioari bizirik eusteko topagune izatea lortu du. Hamargarren urteurrena, beraz, egindako lana ospatzeko eta etorkizuneko erronkei begiratzeko izango da.
Bisita eta tailerra
Buztinzaleen jaialdia 11:30ean hasiko da, eta, hain zuzen ere, Zubiaten bisita gidatua eginaz hasiko dute. "Zubiateko ateak irekiz emango diogu hasiera egunari. Bertaratzen direnek bertan dugun tailerra, buztin-labe zaharra, buztingintzako prozesua eta bertan ikusgai dagoen zeramika-erakusketa ezagutzeko aukera izango dute, elkarteko bi kideren eskutik", azaldu du Buztinateko kide Olatz Pagaldayk.
12:00etan, haur eta helduentzako tailerra egongo da Fernando Eskoriatza plazan. "Buztingintzan inoiz aritu ez direnentzat aukera paregabea izango da teknika horretan lehen urratsak egiteko. Jarduera herritar guztiei irekita egongo da, eta ikasleek ere parte hartuko dute, beren trebetasuna eta buztinarekin moldatzeko gaitasuna erakusteko. Ordu berean, Jose arana kaleko errepidean –Fernando Eskoriatza plaza aurrean– Katarsis espazioa irekiko dute, eta, euro baten truke, jokoan parte hartzen dutenek pieza bat apurtzeko aukera izango dute".

10 urte lokatz artean logoarekin egindako lanak.
13:00etatik 15:00etara, babarrun-katiluak banatuko dituzte, eta txosna egongo da. "Buztinatek hamargarren urteurrena ospatzeko egunerako egindako katiluetan babarrunak banatuko dira; txorizo egosia ere egongo da, eta txosna".
Raku erakustaldia
Eguneko jardueren artean, raku erakustaldia egingo dute Gasteiztik etorritako Carbono Ceramics taldeko kideek. "Raku jatorri japoniarra duen zeramika-egosketa teknika bat da. Piezak goritasun-puntuan ateratzen dira labetik, eta, ondoren, hainbat materialekin –zerrautsa, lumak edo hostoak, besteak beste– kontaktuan jartzen dira. Material horiek piezaren gainazalean itsatsita geratzen dira, eta, azkenik, piezak uretan sartzen dira. Prozesu horren bidez, kolore eta akabera berezi ikusgarriak lortzen dira".
Urrezko Labea saria
Horrez gain, elkarteak Urrezko Labea izeneko saria emango dio herriko pertsona edo talde bati, elkarteari emandako laguntza aitortzeko. Saria ez da benetako labe bat izango, Zubiateko labearen maketa txiki bat baizik, garaikur gisa.
Goiz osoan tonbola ere izango da: bi euroren truke, buztinezko piezen zozketan parte hartzeko aukera egongo da. Era berean, ikasleek egindako lanak ikusgai egongo dira kultur etxean, goizean zehar egingo den erakusketan.