Asier Kidamen magia-ikuskizuna izango da gaur, Ibarraundin

Imanol Beloki Unamuno

Asier Kidam izango da gaur, Tipi-tapa elkartearen eskutik.

Gaur, Asier Kidam magoak Aroa eta mirariak magia ikuskizuna aurkeztuko du Ibarraundi museoan, 17:30ean. Familia osoari zuzendutako emanaldia izango da, irudimena, magia eta emozioa uztartuko dituena, haurrei zein helduei harriduraz eta ilusioz beteriko uneak biziarazteko.

Ikuskizunak 60 minutu iraungo du, eta 2 urtetik gorako haurrei eta beren familiei zuzenduta dago. Euskaraz izango den emanaldi horrek magiaren munduan murgiltzeko eta familian esperientzia dibertigarri eta berezi batez gozatzeko aukera eskainiko du.

Jarduera Tipi-tapa Guraso Elkarteak antolatu du, eta sarrera doakoa izango da. Hitzordua, gainera, bazkidetza kanpaina hasteko aprobetxatuko dute. Urriaren 30era arte egongo da izena emateko aukera, baina interesa duenak bertan galdetu dezake.

Bazkidetza urriaren 30a bitartean

Tipi-tapako bazkide izateko, lehenik eta behin, bazkidetza-orria bete behar da. Horrez gain, 30 euroko kuota ordaindu behar da banku-transferentzia bidez. Kuota ikasturte osorako da, urritik urrira, eta familia bakoitzeko ordainketa bakarra egingo da, familia horretan haur bat edo lau egon.

Ordainketa egiteko, honako kontu korronte hau erabili behar da: ES90 3035 0044 84 0440042004 (Laboral Kutxa). Transferentziaren erreferentzian, guraso baten izen-abizenak edo haurraren izen-abizenak adierazi behar dira.

Bazkidetza-prozesua osatzeko, betetako bazkidetza-orria eta ordainketaren ziurtagiria Tipi-taparen helbide elektronikora bidali behar dira

Espazio segurua

Tipi-tapa Eskoriatzako hainbat gurasoren ekimenez sortutako irabazi-asmorik gabeko elkartea da, 0 eta 6 urte bitarteko haurrak dituzten familiei zuzendua. Elkartearen parte izango diren familia guztiak maila berean egongo dira, eskubide eta betebehar berberekin. Tipi-taparen helburua elkarte irekia eta parte-hartzailea sortzea da, elkarren arteko errespetua eta lankidetza oinarri hartuta.

Elkartearen helburu nagusietako bat haur txikiekin egoteko espazio seguru eta itxi bat eskaintzea da. Horrez gain, herrian euskarari indarra eman eta haren erabilera sustatu nahi dugu, baita gurasoen eta haurren arteko harremanak sendotu ere. Haurren garapena lagunduko duen ingurune bat sortzea, herriko ikastetxeen arteko harremanak sustatzea eta kultura zein hizkuntza desberdinen integrazioa bultzatzea ere badira gure xedeak. Era berean, guraso-sare bat osatu nahi dugu, familien arteko elkarlaguntza eta esperientzien trukea sustatzeko, eta amatasuna lantzeko eta partekatzeko gune bat eskaintzeko.

Eskaintza berezia

Tipi-tapak haur txikiekin familian egoteko leku itxi eta segurua eskaintzen du, bi espazio erabiliz. Alde batetik, Ludotekako lokala erabil daiteke, Ludoteka zerbitzuarekin partekatuta. Espazio hori astelehenetik ostiralera 10:00etatik 16:00etara egongo da erabilgarri, eta asteburu eta jaiegunetan, berriz, 10:00etatik 21:00etara. Uztailean lokala itxita egongo da, udalekuak direla eta. Bertara sartzeko, bazkide bakoitzak bere giltza elektronikoa izango du telefono mugikorrean (Yale home app-arekin).

Bestetik, Ibarraundi museoko beheko gela ere erabilgarri egongo da, astearte eta ostegunetan, 16:00etatik 19:00etara. Espazio horretara sartzeko, giltza fisikoa eskatu beharko zaio udaltzainari. Espazio horiek eskaintzeaz gain, Tipi-tapak herritar guztientzako hitzaldiak eta tailerrak antolatuko ditu, familien arteko harremanak eta herriko bizitza komunitarioa sustatzeko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak