Ezkurtxo Eguna berrituta ospatuko du Arizmendik, Jose Aranaren ondareari aitortza eginez

Imanol Beloki Unamuno

Ezkurtxo Eguna Mazmela elizatean ospatu zenekoa.

Urriaren 17an, lehen aldiz, elizateetatik Eskoriatzako herrigunera eramango dute festa, euskarazko jolasak, familia giroa eta herriko ondarearen ezagutza uztartzeko.

Arizmendi ikastolak datorren zapatuan, urriaren 17an, ospatuko du Ezkurtxo Eguna. Iazko 25. urteurrenaren ondoren, jaiak egitura berritua izango du aurten: zazpi elizateetan zehar 25 urtetik gorako ibilbidea egin ondoren, lehen aldiz herrigunera jaitsiko da, Eskoriatzako kaleak eta gune nagusiak euskaraz, jolasez eta familia giroaz betetzeko asmoz.

Aitortza Jose Aranari

Aurtengo edizioaren ardatz nagusia Jose Arana pertsonaia eta hark Eskoriatzari egindako ekarpen historikoa izango dira. Loteria egokitu zitzaionean, dirua herriak falta zituen zerbitzuak eraikitzeko erabili zuen: gaur egungo zaharren egoitza, garai bateko ospitalea; ur-emaria bideratzeko depositu zaharra; eta Escuelas Jose Arana ikastetxea, gerora ikastolak bere hastapenetan erabili zuena eta gaur egun Jose Arana guneari izena ematen diona.

Ibilbidea eta gainerako jarduerak

Hala, zapatuko ibilbidea bat egingo da, familiak eta herritarrak Jose Aranari lotutako txoko esanguratsuetatik igaroko dira, eta geldialdi bakoitzean haren bizitzari eta herriari egindako ekarpenari buruzko kontakizunak entzuteko aukera izango dute.

Eguna 15:15ean hasiko da, Jose Arana gunean elkartuta. 15:30etik 17:30era, taldekako ekintzak eta kontakizunak egingo dituzte herriko hainbat gunetan, besteak beste, Deposituan, Ikastolan, Jose Aranaren etxean eta plazan. Ondoren, 17:30ean, mokadutxoa eta trikitilariak izango dira, eta 18:00etan, Etxean goxo txotxongilo ikuskizuna.

Egitaraua
● 15:15ean: Elkartzea Jose Arana gunean.

● 15:30etik 17:30etara: Taldekako ekintzak eta kontakizunak herriko txokoetan zehar (Depositua, Ikastola, Jose Aranaren etxea eta Plaza).

● 17:30ean: Bokadua eta trikitilariak.

● 18:00etan Etxean goxo txotxongilo ikuskizuna.

Arizmendi Ikastolak Ikastolako komunitatea eta eskoriatzar guztiak gonbidatu ditu ospakizunean parte hartzera eta elkarrekin arratsalde atsegina igarotzera.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak