Udal Gobernuak ordenantza fiskalen gainean hartutako erabakiaren gainekoak azaldu ditu. Batez ere, kiroldegiko tasen eta hiri-hondakinen tasen gainean ezarritakoak.
"Duela bi urte gimnasio berria jarri zen, zerbitzuak hobetu egin dira, eta han dugun gastua izugarria da eta sarrerak murritzak. 2025ean izan genituen galerak edo defizita 354.000 eurokoa izan zen. Hala, kiroldegiko tarifetan honako aldaketak izango dira: abonatuek %10eko igoera izango dute, eta banakako sarreretan %20koa", azaldu du Edorta Zubizarretak, Eskoriatzako alkateak.
Zabor-tasari dagokionez, Debagoieneko Mankomunitateak bidalitako proposamenarekin bat egingo dute. "Asmoa herritarrei zabor-tasa mantentzea da, hau da, urtean 168 eurokoa izatea; lau zatitan kobratuko da, iaz bezala. Zerbitzuen kasuan ere jaitsiera bat egongo da, komertzio txikietan eta langile gutxi dituzten zerbitzuetan", azaldu du Zubizarretak.
Oposizioak kontra
Talde jeltzaleak zerbitzu publikoei eustea ahalbidetuko duten ordenantza fiskalak defendatzen dituela dio, hala, legearekin bat datorren hondakin-tasa, kiroldegiko tarifak izoztea eta landa-turismoentzako laguntzak eskatu ditu.
Udal Gobernuak igoerak proposatu ditu urtero bezala, eta aurten, gainera, kiroldegiko tarifetan igoera handiak. Horregatik, kontra bozkatu dugu. Kiroldegia defizitarioa izan arren, Udalak babestu edo lagundu egin beharko lukeela pentsatzen dugu. Igoerak % 8tik % 15era bitartekoak dira, gutxi gorabehera, abonu motaren arabera, eta hori onartezina dela uste dugu", azaldu du Josu Ezkurdiak, Eskoriatzako EAJko bozeramaileak.
Zabor-tasari dagokionez, duela lau urte Hondakinen Lege berria onartu ostean, Eskoriatzako Udalak ez dituela tarifak legeak eskatzen duen bezala egokitu azpimarratu du Ezkurdiak. "Hau da, hondakin gehiago sortzen dituenak gehiago ordaintzen du. Sistema bat ezartzea ez da erraza, baina zerbait egin behar dugu".
Azkenik, egonaldi turistikoen tasa berriaren aurrean, egonaldi turistikoen tasa berria sortzeko proposamena egin du EAJk. Talde jeltzaleak udal aurrekontuetan laguntza-lerro espezifiko bat sortzea proposatu du, tasak udalerriko landa-turismoetan izango duen eragina konpentsatzeko.