Gallastegik idazketaren, pinturaren eta keinuen arteko harremana du abiapuntu bere lanean. Margotzea, marraztea eta idaztea nahasten ditu, hitzak eta hizkiak desitxuratuz eta pinturaren geruzen artean ezkutatuz. Horrela, sinboloen, keinuen eta hutsuneen bidez, hizkuntza plastiko propioa sortzen du. Artistak azaldu duenez, lan gehienak akrilikoan eginak daude, mihisean eta paperean. Guztira, hamaika lan aurkeztu ditu, eta guztietan letretatik abiatzen da margotzen hasteko. Ondoren, hizkiak eta idazkera desitxuratu egiten ditu, hasierako formari beste esanahi eta itxura bat emateko. Emaitza abstraktua izan daitekeen arren, Gallastegik ez ditu bere lanak horrela ikusten: "Letretatik abiatuta margotzen hasi, desitxuratu, eta idazkera horrekin beste zerbait sortzen dut".
Azaroaren 5era arte zabalik
Erakusketa astelehenean ireki zuten, eta Gallastegiren lanak gertutik ikusi nahi duenak bibliotekako ordutegian joan beharko du. Hau da, astelehenetik egubakoitzera 10:30etik 13:00etara eta 16:15etik 20:00etara eta zapatuetan 10:30etik 13:00etara.
Hamaika erakusketa
Duela urtebete, herriko sortzaileek euren lanak erakusteko eremu berria ireki zen bibliotekan. Lehen erakusketa Arizmendi Ikastolako DBH2ko ikasleen artelanez osatu zen. Ordutik, hainbat norbanakok eta eragilek erakutsi dituzte beren lanak bertan. Besteak beste, Estefania Izagirreren, Tomas Besaren eta Larraitz Iparragirreren lanak izan dira ikusgai; baita Bizipoz elkartearekin elkarlanean antolatutako erakusketa ere. Bertan, Tipi-tapa, Berbalagunak EskoZap, Gorosarri Dantza Taldea, Auzoko, Esnargi eta Itzartu elkartekoen erkintzetako erretratuak jarri zituzten. Halaber, Gorosarri Dantza Taldearen 60. urteurrenari eskainitako erakusketa eta Karmelo Oñateren lanak ere izan dira bibliotekako erakusketa-eremuan ikusgai.