Eguaztenean lehenengoa eginda, ehiza-postu zozketak martxan ditu Aldaypek

Imanol Beloki Unamuno

Aldaypeko lokalean zozketa egiten.

Urria iritsi da, eta, harekin batera, ehiza-denboraldiaren zain dauden ehiztarien urduritasuna eta gogoa ere bai. Hori horrela, Aldaype Ehiza eta Arrantza Elkarteak 2026ko ehiza-postuen zozketa abiatu zuen eguaztenean. Azaroaren 18ra arte iraungo du prozesuak, eta, aurreko urteetan bezala, zozketak eguaztenero egingo dira, azken postua banatu arte.

"Garaiz da oraindik, eta datozen asteetan zozketara jende gehiago etorriko den aurreikuspena dugu", azaldu du Andoni Etxenagusia Aldaypeko kideak, lehenengo zozketa egunaren ondoren. Horrekin batera, Eskoriatzako lurretan ehizan aritzeko interesa duten ehiztariei parte hartzeko dei egin die. "Ehiza-postuetan aritzeko aukera izan nahi dutenek datozen eguaztenetako zozketaldietan parte hartu ahal izango dute, azaroaren 18an prozesua amaitu arte". Elkarteak, era berean, parte hartzeko interesa duten guztiei prozesuaren berri eman eta dagokien zozketaldian parte hartzeko gonbita egin die.

Aurten, zortzi postu gehiago

Aurtengo denboraldiari begira, berrikuntza nagusi bat izango dute Eskoriatzako ehiztariek: Atxorrospe inguruan zortzi ehiza-postu berri sortu dituzte. Horretarako, bertan dagoen linea luzatu egin dute, eta, horren ondorioz, elkarteak postu gehiago eskaini ahal izango ditu aurtengo denboraldian. Urtero bezala, gainera, egoera eskasagoan zeuden postuetan hainbat lan egin dituzte, instalazioak txukundu eta ehiztarien erabilerarako prest uzteko.

Atxorrospe inguruan zortzi ehiza-postu berri sortu dituzte.

Aldaype Ehiza eta Arrantza Elkarteak bi lineatako postuak banatzen ditu erabiltzaileen artean. Lehenengo lineak Lete, Apotzaga eta Marin lotzen ditu, eta 90 postu izango ditu guztira. Bigarrenak, berriz, Aratz Parke Naturala, Alabita eta Aranguren hartzen ditu barne, eta 67 postu izango ditu. Horri Atxorrospeko luzapenarekin sortutako zortzi postu berriak gehituta, guztira 165 postu izango dira aurtengo eskaintzan.

Izena emateko epea

Urtero bezala, ehiza-postuen zozketak berekin dakar izen-emateen garaia ere, eta interesdunek eguaztenetan, zozketa egunetan, eman ahal izango dute izena, 17:00etatik 18:45era, ohiko ordutegian. Aspaldiko ohiturari eutsiz, izen-emateak Aldaypeko lokalean egingo dira, Intxaurtxueta kaleko 9. zenbakian, behean. Izen-ematearen eta postuaren prezioa ehiztari bakoitzaren egoeraren araberakoa izango da. Bazkide jubilatuentzat zein bazkide federatuentzat bi eurokoa izango da; Gipuzkoako federatuek lau euro ordaindu beharko dituzte; federatu gabeek, zortzi; lizentzia autonomikoa dutenek, hamar; eta nazionala dutenek, hamabi euro. 21 urtetik beherakoentzat, berriz, tarifa bi eurokoa izango da.

Informazio gehiagorako bidea

Aldaypeko bazkideei dagokien zenbatekoa bankuko kontutik kobratuko zaie; bazkide ez direnek, aldiz, izena ematerakoan bertan ordaindu beharko dute. Elkarteak, horregatik, ahal dela diru kopuru zehatzarekin joatea eskatu du. Informazio gehiago nahi dutenek 636 24 93 54 telefono-zenbakira deitu dezakete.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak