Eskoriatzako tren geltoki zaharrak punk eta rock doinuak hartuko ditu zapatuan, urriak 10, Degeneración en la estación jaialdiarekin. Bigarren edizioa izango da oraingoa, eta kontzertuak 19:00etan hasiko dira. Oholtza gainera GAL, BOL, Disbauxa, Kremallera, 3 Kuervos, 112 eta Mostaza Karizia taldeak igoko dira, eta sarrera bost euro ordaindu beharko da.
Lehenengo edizioaren arrakastaren ostean, bigarrena antolatu dute, eta aurten herriko gazteek hartu dute protagonismoa taldeen aukeraketan eta antolakuntzan, Maitane Otamendi 3 Kuervos taldeko musikari eta antolatzaileak azaldu duenez. "Bazen garaia Eskoriatzan rock eta punkari dagokionez zerbait interesgarria egiteko. Ni iaz aritu nintzen prestaketa lanetan, eta uste dut jaialdi polita antolatu genuela. Aurten, berriz, gazteak aritu dira dena prestatzen, batez ere, Kremallera taldekoak, eta poztekoa da Eskoriatzako gazteek motibazio hori dutela ikustea. Arratsalde-gau oso ona pasatzea da asmoa, iaz izan zen bezalakoa".
Marrazkiak salgai
Degeneración en la estación jaialdiaren bigarren edizioari dagokionez, talde berriak eta esperientzia dutenak arituko dira. Musikaz gain, Iban Urreta Mutiko Kristal-en lanak izango dira ikusgai eta salgai. Iaz, jaialdiko hainbat musikari marraztu zituen, eta marrazki horiekin egindako laminak eskuratu ahal izango dira. Horrela, horiek erosita, jaialdiari diruz laguntzeko aukera izango dute bertaratzen direnek.
