Ingurumen-hezkuntza proposamenekin hasiko da Aste Berdea Eskoriatzan

Imanol Beloki Unamuno

Iaz, Erreka garbiketan.

Eskoriatzako Aste Berdearen barruan, hainbat ingurumen-jarduera egingo dira: erreka-garbiketa, Azterturen informazio-gunea, ekofeminismoari buruzko hitzaldia, gazteentzako ingurumen Gymkana-Rooma eta haurrentzako zein familientzako Erreka Mari txotxongilo ikuskizuna. Horrez gain, Hazien bila izeneko irteera egingo da Mazmelako ameztira, eta Zuhaitzak eta arbolak liburuaren aurkezpena ere izango da.

Aztertu, Eusko Jaurlaritzaren Herritarrentzako ingurumen hezkuntza programa, Eskoriatzara iritsiko da eta urriaren 17tik 23ra ingurumen-hezkuntzako doako hainbat proposamen eramango ditu. Egun horietan, informazio-gune batekin, gazteentzako ingurumen Gymkana-Room batekin eta haurrei zein familiei zuzendutako Erreka Mari txotxongilo ikuskizunarekin.

Aztertu programarekin elkarlanean

Aztertu ekimenak Euskadiko hainbat udalerri zeharkatzen ditu, ingurumen-hezkuntza herritarrengana hurbiltzeko, adin ezberdinetara egokitutako proposamen praktiko eta parte-hartzaileen bidez.

Programazioaren barruan, Azterturen karpa Fernando Eskoriatza Plazan egongo da, 10:00etatik 14:00etara, programaren inguruko informazioa jasotzeko eta asteko jarduerak ezagutzeko topagune gisa. Bertaratzen direnek Azterturen proiektu, material eta baliabideak ezagutu, zalantzak argitu eta hazi-bonbak egiteko tailer espres batean parte hartu ahal izango dute, bioaniztasunaren zaintzara modu erraz eta dibertigarrian hurbiltzeko proposamen praktiko baten bidez.

Gymkana-rooma eta 'Erreka Mari' ikuskizuna

Urriaren 21ean, 18:15ean, Ibarrundi Museoan, ingurumen Gymkana-Rooma egingo da, 9 eta 15 urte bitarteko gazteei zuzenduta. 75 minutu inguruko jardueran, parte-hartzaileek taldean lan egin beharko dute ingurumenarekin lotutako hainbat erronka gainditzeko, beren asmamena, lankidetza eta ezagutzak proban jarriz eta, aldi berean, jasangarritasunarekin eta planetaren zaintzarekin lotutako gaiak modu dinamikoan ezagutuz. Gymkana-Rooma doakoa izango da eta aurretiaz izena ematea derrigorrezkoa izango da Azterturen bidez, urriaren 1etik 19ra.

Programazioa urriaren 23an, 18:15ean, Zaldibar Antzokian amaituko da, Erreka Mari
txotxongilo ikuskizunarekin. Etxeko txikienei eta haien familiei bereziki zuzendutako
proposamena da. Azken euskal lamiaren istorioaren bidez, Erreka Marik ibaien mundura eta haiek ezagutu eta zaintzearen garrantzira hurbilduko ditu haurrak, irudimena, entretenimendua eta ingurumen-sentsibilizazioa uztartuz.

Erreka garbiketa hilaren 17an

Aste Berdearen baitan, gainera, hilaren 17an, gainera, Debagoieneko bosgarren erreka garbiketa egingo da. Eskoriatzan, 10:00etan batuko dira Fernando Eskoriatza plazan, eta, taldetan banatuta garbiketa egin ostean, informazio gunea eta tailerra egongo dira.

Horrekin batera, honako hitzorduek borobilduko dute aurtengo aste berdea: Hilaren 20an, Ekofeminismora hurbiltzeko gonbita hitzaldia egingo da, 18:30ean, kultura etxean. Itxaso Apraizek, Euskal Gune Ekosozialeko kidea arituko da hizlari moduan; "Egungo krisi ekologikoari eta sozialari aurre egiteko gakoak ezagutuko ditugu, bizitza eta natura erdigunean jarriko dituen etorkizun bidezkoago bat elkarrekin eraikitzeko".

Hilaren 25ean, Hazien bila izenpean, Eskoriatzako Mazmela elizateko ameztira irteera egingo da, Naturtzaindiako Paula Angladak gidatuta. Eta, amaitzeko, hilaren 28an, Zuhaitzak eta arbolak liburuaren aurkezpena egingo du Iñaki Etxebestek, Tantai Baso Jabe Kooperatibako kideeak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak