Garun Paralisiaren Eguna ospatu dute Luis Ezeiza Herri Eskolan

Imanol Beloki Unamuno

Garun Paralisiaren Eguna ospatu dute Luis Ezeiza Herri Eskolan.

Atzo, urriaren 6a, Garun Paralisiaren Eguna ospatu zuten Eskoriatzako Luis Ezeiza Herri Eskolan. Jardunaldiaren helburua ikasleak aniztasunaren eta garun paralisiaren inguruan sentsibilizatzea izan zen, guztien artean eskola inklusibo bat eraikitzen jarraitzeko.

"Ziklo bakoitzean lanketa ezberdinak egin ditugu, guztiok desberdinak garela ikusarazteko, bakoitzak gaitasun ezberdinak ditugula jabetzeko eta pertsona bakoitzak laguntza eta behar desberdinak izan ditzakeela ulertzeko", azaldu dute Luis Ezeiza Herri Eskolatik. Hala, mailaka, hainbat balio landu dituzte, besteak beste: adiskidetasuna, enpatia, elkartasuna, errespetua, berdintasuna eta erantzukizuna.

'Tximeleta' osatuta

Urriaren 6an, 11:30ean, Lehen Hezkuntzako ikasle eta irakasleok patioan elkartu ziren, eta aurrez landutako marrazkiekin tximeleta handi bat osatu zuten, bertako Tximeleta gelako lagunekin batera. Guztien artean sortutako tximeletak aniztasuna, elkartasuna eta inklusioa irudikatu zituen.

Tximeleta gelakoekin.

Haur Hezkuntzan, berriz, Tximeleten lorategia osatu dute, bakoitzaren berezitasuna eta edertasuna balioan jarriz.

Tximeleta lorategia.

"Egun berezi honen bidez, argi utzi nahi izan dugu desberdinak izan arren, denok dugula gure lekua eta ekarpena egiteko zerbait. Elkar ezagutuz, ulertuz eta zainduz, guztiontzako eskola inklusiboagoa eraikitzen jarraituko dugu", adierazi dute Luis Ezeizatik.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak