Kenpo Pro Tour 2026ko lehen jardunaldia jokatu dute asteburuan Eskoriatzan. Espainiako estatuko hainbat txokotatik etorritako 75 lehiakide baino gehiago elkartu ziren Manuel Muñoz kiroldegian, Submission Gi, No Gi eta Knockdown modalitateetan lehiatzeko.
Txapelketak formatu berritzailea izan du, eta Rafa Carriet antolatzaileen arabera, "harrera ona izan du parte-hartzaileen eta epaileen artean". Goizeko saioetan Submission modalitateko probak egin dituzte, eta arratsaldean, berriz, Knockdown probak.
Gainera, lehen aldia izan da lehiaketa-formatu honetan egiten dela,eta txapelketaren ondoren epaile eta antolatzaileekin bilera egin zuten egindakoa baloratzeko. "Denak oso pozik zeuden formatuarekin, baita Eskoriatzan izan dugun tratuarekin ere", azaldu du Carrietek.
Leire Ratoren omenezko memoriala
Txapelketa berezia izan zen, Leire Ratoren memoriala izan zelako. Ratoren familia izan zen txapelketan, eta omenaldi txiki bat egin zioten. Rafa Carrieten hitzetan, "txapelketa oso ondo joan da, parte-hartze ona izan da, eta denak pozik" geratu dira. Leire Ratok omenaldia merezi zuela nabarmendu du, eta familiaren presentzia eskertu du.
Formatuari jarraipena emateko asmoa
Kenpo Pro Tourreko hurrengo jardunaldia beste komunitate bateko klub batek antolatuko du, eta antolatzaileen asmoa da formatuari jarraipena ematea. Aurrera begira, Full Kenpo eta Semi Kenpo modalitateak ere txapelketan sartzeko eta liga bat sortzeko aukera aztertzen ari dira, diziplina guztiak hazten jarraitzeko.
Azkenik, Carrietek eskerrak eman dizkie txapelketan lanean aritu diren klubeko kide eta boluntario guztiei, "haiek gabe ezinezkoa izango litzatekeelako" ekitaldia aurrera ateratzea. Era berean, Eskoriatzako Udalari eskerrak eman dizkio instalazioak erabiltzeko emandako erraztasunengatik.
7 urrez, 7 zilar eta 14 brontze
Eskoriatzako taldeak ere emaitza onak lortu ditu. Guztira, 7 urrezko, 7 zilarrezko eta 4 brontzezko domina eskuratu ditu Kenpo Pro Tourreko lehen hitzorduan. Hauek izan ziren klubeko emaitzak:
Andoni Puerta
- Zilarra, Submission kadete -60 kg
- Brontzea, No Gi kadete -60 kg
Alejandro Montero
- Urrea, Submission No Gi kadete -70 kg
- Zilarra, Submission kadete -70 kg
- Zilarra, Knockdown kadete -70 kg
Zaira Nodar
- Brontzea, Submission emakumezkoak
- Brontzea, Submission No Gi emakumezkoak -65 kg
Salah El Din Azar
- Urrea, Submission junior -60 kg
- Brontzea, No Gi junior -60 kg
- Zilarra, Knockdown junior -60 kg
Zuhaitz Legorburu
- Urrea, Submission junior +75 kg
- Urrea, Submission No Gi junior +75 kg
- Urrea, Knockdown junior +75 kg
Naroa Cabezas
- Urrea, Submission junior -60 kg
- Brontzea, No Gi junior -60 kg
- Zilarra, Knockdown junior -60 kg
Sare Salas
- Brontzea, Submission junior -60 kg
- Brontzea, No Gi junior -60 kg
- Brontzea, Knockdown junior -60 kg
Itzal Merin
- Brontzea, Submission senior emakumezkoak -60 kg
- Brontzea, No Gi senior emakumezkoak -60 kg
Pablo Guturbay
- Brontzea, Submission senior -65 kg
- Brontzea, No Gi senior -65 kg
Manuel Alonso
- Brontzea, Submission beteranoak -90 kg
- Zilarra, No Gi beteranoak -90 kg
- Urrea, Knockdown beteranoak -90 kg
Ion Garcia Diaz de Gereñu
- Zilarra, Knockdown senior -80 kg
Juan Antonio Garcia
- Brontzea, Knockdown beteranoak -90 kg