Torrebasoko ortuak eskatzeko epea zabalik dago

Imanol Beloki Unamuno

Eskoriatzako Torrebasoko ortuak barazkiekin beteta.

Eskoriatzako Udalak Torrebasoko aisialdirako ortuak erabiltzeko baimenak emateko oinarriak onartu ditu, eta, horrenbestez, libre geratu diren ortuak eskatzeko epea zabalik dago. Eskaerak aurkezteko azken eguna urriaren 9a izango da.

Guztira, zazpi ortu daude eskuragarri: 3, 5, 7, 11, 19, 22 eta 25 zenbakidunak. Ortu horien erabilera doakoa izango da, eta baimena lau urte naturalerako emango da.

Aisialdirako ortuen helburu nagusien artean dago adineko pertsonek beren denbora librea modu praktiko eta aberasgarrian erabiltzeko aukera izatea. Era berean, nekazaritza tradizionalarekin lotutako erabilera eta ohiturak berreskuratu nahi dira, baita produktu naturaletan oinarritutako elikadura osasungarria sustatu ere.

Erabiltzeko baldintzak

Jabetza publikoko ortu baten erabiltzaile izateko, pertsona fisikoek adinez nagusiak izan beharko dute. Horrez gain, Eskoriatzan erroldatuta egon beharko dute edo bertan egoitza soziala izan, gutxienez urtebeteko antzinatasunarekin.

Era berean, eskatzaileek ezin izango dute orturik izan jabetzan, eta Eskoriatzako Udalarekiko zerga-betebeharrak egunean izan beharko dituzte. Halaber, azken bost urteetan ezin izango zaie udal-ortu bat erabiltzeko baimena baliogabetu.

Erakunde eta elkarteen kasuan, nortasun juridikoa izatea eta irabazi-asmorik ez izatea eskatuko da, eta ortuaren erabilerak haien helburu sozialarekin lotuta egon beharko du.

Eskaerak aztertu ondoren, esleipenetan lehentasuna izango dute erretiratuek, ezintasun-pentsiodunek eta langabeek. Ondoren, lanean ari diren pertsonek eta nortasun juridikoa duten erakunde eta elkarteek izango dute lehentasuna.

Pertsona bakoitzak ortu bakarra erabiltzeko baimena jaso ahal izango du, eta gauza bera aplikatuko da bizikidetza-unitate bakoitzari.

Eskaerak aurkezteko moduak

Aisialdirako ortu bat erabiltzeko interesa dutenek urriaren 9ra arte aurkeztu ahal izango dute eskaera.

Eskaera aurrez aurre egin ahal izango da, udaletxeko H@ZI Herritarrentzako Arreta Zerbitzu Integralean, edo modu telematikoan, ziurtagiri digitalaren bidez (Izenpe, NAN digitala, B@KQ...).

Online izapidea egiteko, eskatzaileek eskaera-orria bete eta eskatutako gainerako dokumentazioa prest izan beharko dute. Ondoren, tramitazio telematikoarekin hasi eta, Dokumentuak atalean, dagokion dokumentazioa erantsi beharko dute.

Informazio gehiago eta eskaera egiteko dokumentazioa Eskoriatzako Udalaren ohiko informazio-kanaletan eskura daitezke.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak