Herritarren iritzia jasoko du Udalak Klima eta Energia Plana osatzeko

Imanol Beloki Unamuno

Iaz, geotermia sistema ezartzeko lanak.

Eskoriatzako Udala Klima eta Energia Plana (KEP) prestatzen ari da, klima-aldaketaren erronkei aurre egiteko eta udalerria etorkizuneko egoeretara egokitzeko. Hori horrela, Udalak herritarren iritzia jasotzeko inkesta jarri du martxan. Inkesta urriaren 15era arte egongo da zabalik, udal webgunean.

Herritarrek klima-aldaketari, energiaren erabilerari eta udalerriaren etorkizunari buruz duten iritzia eman ahal izango dute. Jasotako ekarpenak plana definitzeko eta lehentasunak zehazteko erabiliko direla adierazi du Eskoriatzako Udalak.

Epe luzerako plangintza

Klima eta Energiaren Tokiko Plana epe luzerako tresna estrategikoa da, klima-aldaketa arintzeko. Hala, planak udalerriko energia eta klima politikak ikuspegi bateratu batetik lantzea du helburu, eta 2050ean neutraltasun klimatikoa lortzeko Europako, Espainiako eta EAEko helburuekin bat egingo du.

Eskoriatzak dagoeneko egin ditu urratsak energia eta klima arloan. Esaterako, 2023an Energia Plana onartu zuen; batez ere, energia-kontsumoa eta berotegi-efektuko gasen isurketak murriztera bideratutako neurriak jaso zituzten, 4/2019 Legeak ezarritako konpromisoei erantzuteko. Orain, beste urrats bat eginda, klima-aldaketara egokitzeko neurriak ere txertatu nahi ditu, datozen aldaketei aurre egiteko. Planak hainbat helburu zehatz izango ditu: Udalaren energia-kontsumoa %35 murriztea 2030erako eta %60, berriz, 2050erako; energia berriztagarrien sorrera handitzea, 2030ean Udalaren urteko kontsumo elektriko eta termikoaren gutxienez %32 iturri berriztagarrietatik lortzeko; udalerri osoan berotegi-efektuko gasen isurketak %40 murriztea 2030erako; eta lurraldeak klima-aldaketaren aurrean duen erresilientzia indartzea.

Naturtzaindia elkarteak egingo du plana, Udalarekin eta herriko hainbat eragilerekin elkarlanean. Lehen fasean, udalerriaren egoera energetiko eta klimatikoaren diagnostikoa egingo dute, egungo beharrak, ahulguneak eta aukerak identifikatzeko. Aldi berean, herritarren parte-hartzea sustatuko dute, ekarpenak jasotzeko. Prozesuaren barruan, 2023ko Energia Plana berrikusi eta eguneratu egingo dute, eta, bildutako informazio guztia oinarri hartuta, datozen urteetarako ekintza-plan bat proposatuko dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak