Bypass-a jarriko dute AP-1eko Isuskitzako tunelaren ebakuazio galerien lanak direla-eta

Imanol Beloki Unamuno

Isuskitzako tunelaren sarrera.

Irailaren 25etik, egubakoitzetik, 21:00etatik, 26ra, zapatura, 12:00etara, Gasteizko norabidean doan trafikoa Eibarko norabideko plataformatik desbideratuko da, Isuskitzako tunelaren ebakuazio galeriak birgaitzeko lanak egiteko.

Bidegik AP-1eko Isuskitzako tunelaren ebakuazio galeriak birgaitzeko lanei ekin zien irailaren erdian. Hasierako lan hauek bi norabideetako ezkerreko erreian hainbat afekzio sortu dituzte azken bi asteetan.

Behin lehendabiziko lan horiek amaituta, Bidegik bypass-a jarriko du tunelaren galerietan makina guztiak sartzeko eta lanekin jarraitzeko. Bypass-a bihar, egubakoitza, 21:00etan martxan jarriko da eta zapatua 12:00ak arte iraungo du. Tarte horretan Gasteizko norabidean doan trafikoa Eibarko norabideko plataformatik desbideratuko da. Bypassa amaitutakoan, ezkerreko erreia itxita geldituko da Gasteizko norabidean lanak amaitu arte.

Ebakuazio galeriak birgaitzeko-lanak

Gipuzkoako Foru Aldunditik adierazi dutenez, Bidegik egiten dituen aldizkako ikuskapenei esker azpiegituretan egon daitezkeen arazoak azkar atzemateko aukera ematen dute, eta ondorioz, lehenbailehen konpontzeko aukera, betiere kaltetutako bideetan ahalik eta afekzio gutxien sortuz. "Horiek horrela, 2025eko urtarrilean egindako ikuskapenetan AP-1eko Isuskitzako tunelaren ebakuazio galerietan hainbat arazo atzeman ziren. Tunel honek 3.378 metroko luzera du eta Gipuzkoa eta Arabako Lurralde Historikoak lotzen ditu. Leintz Gatzagan kokatuta dagoen tunel honek bi hodi ditu, hain zuzen ere ebakuazio galerien bidez lotuta dauden bi hodi. Eta hodi horiek azpiegituraren segurtasun-sisteman barneratuta daude. Ebakuazio galeria horietan hainbat arazo atzeman ondoren, bulonatu, saneatu eta gunita leku jakin batean birjartzea proposatu zen, auskultazio-sistema batez osatuta, galerien eraginkortasun- eta segurtasun-baldintzak berrezarri ahal izateko. Birgaitzea tunelaren bi hodietan trafikoa irekita dagoela egingo da. Hala ere, Gasteizko norabideko galtzadatik egingo da lanen sarrera, eta beraz, obrak irauten duen bitartean hainbat afekzio sortuko dira. Gainera, Eibarko norabidean, lanen uneren batetan ezkerreko erreia itxi behar izatea aurreikusten da".

Nortunel S.A. enpresak egingo ditu uztailean esleitu ziren lan hauek. Bidegik 1,7 milioi euroko inbertsioa egingo du tunelaren segurtasuna hobetzen lagunduko duen proiektu honetan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak