Eskoriatzako Udalaren laguntzarekin, auzotar talde bat buru-belarri aritu da azken urteotan jaiak antolatzen, eta, aurrekontu xumea izan arren, egitarau oparoa prestatu dute, beste urte batez; aurreko edizioetako ildoari jarraituz, adin guztietako herritarrei zuzendutako ekintzak antolatu dituzte. Besteak beste, ez dira faltako haurren, nerabeen eta nagusien esku-pilota txapelketak, auzo-bazkaria eta erromeria doinuak.
Aitzane Izurrategik, Bolibar elizateko auzo-alkateak, azaldu duenez, duela hiru urte otu zitzaien zenbait auzotarri jaiak berreskuratzea, eta herritarren inplikazioa nabarmendu du: "2023ko Kinttada Egunean, Bolibar elizateko jaiak berreskuratzea pentsatu genuen hainbat auzotarrek. Gerora, auzo-alkate izendatu ninduten, eta, handik abiatuta, jaiak antolatzeko talde bat eratu genuen".
Egitaraua
Egubakoitza, irailak 25
17:30 Umeen eta nerabeen pilota txapelketa.
19:30 Maria Vaquerizoren kontzertua.
Zapatua, irailak 26
11:00 Puzgarriak eta jolasak .
12.00 Ad Libitum txaranga eta Nagusien pilota partidak.
14:30 Auzo bazkaria.
Ondoren : Imanol Intxausti eta Iñaki Larrañaga trikitilariak.
16:00 Laser Tag jolasak.
18:30 Txapel jaurtiketa txapelketa.
20:00 DJ Oihan Vega.
Domeka, irailak 27
11:00 Meza eta gero luntxa.
Emanaldi akustikoa
Jaiak egubakoitzean hasiko dira, eta 17:30ean, haurren eta nerabeen pilota txapelketarekin ekingo diote egitarauari. Binaka eta zortzi tantora arituko dira, Bolibarko San Migel elizako kontzejupean. "Duela hilabete jarri genuen kartelaren QR kodearen bidez eman dute izena egubakoitzean arituko diren gaztetxoek, baita zapatuan jokatuko duten helduek ere. Hala ere, izen-ematea itxita dagoen arren, zerrenda osatzen ari gara, eta egunean bertan jakingo dute parte-hartzaileek zein aurkari izango dituzten". 19:30ean, berriz, Maria Vaquerizoren kontzertua izango da. Musikari lemoarrak formatu akustikoan egingo du emanaldia, gitarra lagun duela. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, taberna izango da egun osoan, bertaratzen direnentzat. "Hiru eguneko jaiak ditugu aurretik, eta, zapatua izaten denez egun handiena, egubakoitzean, haurren pilota partidak ditugu eta, ondoren, emanaldi akustiko lasaia", adierazi du Aitzane Izurrategik, Bolibar elizateko auzo-alkateak.
120 lagun bazkaltzeko
Zapatuari dagokionez, jardunaldi betea izango da. 11:00etan, haurrentzako puzgarriak eta jolasak izango dira, eta 12:00etan, nagusien pilota partidak. Haiek buruz buru arituko dira, 22 tantora. 14:30ean, berriz, auzo-bazkaria egingo dute, eta 120 lagun inguru elkartuko dira. "Jaiak berreskuratu genituen lehenengo urtean paella-jana izan genuen, ia 100 lagunentzat, eta aurten, iaz bezala, Aguraingo Sarayola cateringekoek prestatuko dute bazkaria".
Bazkalostean, Imanol Intxausti eta Iñaki Larrañaga trikitilarien emanaldia izango da. Arratsaldean ere ez da girorik faltako; izan ere, 16:00etan, gazteei zuzendutako laser tag jolasa izango da; 18:30ean, txapel jaurtiketa txapelketa, eta 20:00etan, DJ Oihan Vegaren saioa. Taberna zabalik izango da egun osoan.
"Errepidea moztu eta bi karpa jarriko ditugu bertan bazkaltzeko. Leku berean dagoen zuzen-gunea aprobetxatuta, gainera, txapel jaurtiketa lehiaketa egingo dugu, iaz moduan, Ferixa Egunean herrigunean egiten den moduan. Kasu horretan, parte-hartzaileek euro bat ordaindu beharko dute parte hartzeko". Bazkalostea girotzeko, Intxausti eta Larrañaga izango dira, baina ez da musika proposamen bakarra izango. "Azken urteotan DJ Moto eskoriatzarra izan dugu musika jartzen, baina, aurten ezin izango denez egon, Oihan Vega etorriko da gurera jaiak musikaz girotzera". Saioa 20:00etan hasiko du. Jaiak domekan amaituko dira. 11:00etan, meza egingo dute, eta ondoren, luntxa izango da.
Bertaratzeko deia
Asteburuan zehar kirola, musika, jolasak eta auzo-giroa uztartuko dituen egitaraua proposatuta, antolatzaileek herritarrak jaietara gerturatzera eta asteburua elkarrekin ospatzera animatu dituzte. "San Migel jaiak dira Aretxabaletan, eta badakigu ez dela sekulako jendetza batuko Bolibarren, baina auzotarrak zein herritarrak etortzera animatzen ditugu", esan du Izurrategik.