Zabalik dago mendian oinarritutako marrazki erakusketa, urriaren 2ra arte

Julen Murua Mesonero

Oñate, hark egindako lanez inguratuta. 

Karmelo Oñate eskoriatzarraren marrazkiz osatuta dago erakusketa

Mendian, mendiarekin lotura duten kiroletan eta horiek sor ditzaketen sentimenduetan jartzen du arreta Karmelo Oñate marrazkilariak sortu berri duen erakusketak. Irailaren 7an inauguratu zen eta urriaren 2ra arte egongo da ikusgai, liburutegian, eta "mendia gustuko duten horientzako interesekoa" izan daitezkeen 15 edo 20 lanez osatuta dagoela dio Oñatek. Txikitatik izan du eskoriatzarrak marrazkilaritzarako grina, eta oso mendizalea da, gainera. Horregatik, hark egiten dituen kiroletan oinarritutako lanak lantzen ditu: arroila-jaitsiera, eskia, alpinismoa...

Marrazkien bitartez, Oñatek kirol horiek egiterakoan bizi duen "sentsazioa transmititzea" du helburu nagusi: "Marrazki dinamikoak egiten saiatzen naiz, kirol bakoitza jokatzerakoan senti daitezkeen sentsazioak erakusten dituztenak. Adibidez, pertsona bat eskiatzen ari dela aldapa bat jaisten ari den bitartean, elurrak aurpegian ematen dion unea ikus daiteke marrazkietako baten, edo ur-jauzi baten egoterakoan senti daitekeen beldurra ere ikus daiteke beste baten. Bizi izan ditudan adrenalina eta tentsio momentu horiek transmititzen saiatzen naiz marrazkien bitartez".

Akuarela eta digitala

Txikitan komikiak marrazten hasi zela piztu zitzaion Oñateri marrazkilaritzarako grina. Komikiak marraztetik, haren lanak akuarela teknika erabilita egitera igaro zen, baina dagoeneko badira urte batzuk teknika horiek alde batera utzi eta modu digitalean marrazten hasi zela: "Akuarela batzuk egiten ditut oraindik, eta erakusketa honetan badaude tamaina handiko hiru. Gainontzekoak digitalak dira. Marrazkilaritza digitala oinarritzen da tableta baten marraztera. Aukera mordoa ematen ditu teknika horrek: marraztutakoa ezabatu dezakezu, kolore aukera zabala dauka eta kontrasteekin jolasteko aukera ere ematen du".

Urriaren 2ra arte zabalik

Ez da Oñatek Eskoriatzako liburutegian erakusketa bat jartzen duen lehenengo aldia, baina onartzen du oraindik "lotsa puntu bat" ere ematen diola hark sortutakoak erakustea. Hala ere, herriari marrazki horiek erakustea "plazer handia" dela dio eskoriatzarrak, eta herritarren feedbacka jasotzeko gogoz dago. Erakusketa urriaren 2ra arte egongo da irekita, eta irailaren 24an, 18:00etan, erakusketaren gaineko bisita gidatua egingo du. "Herritarrak gonbidatzen ditut irailaren 24an liburutegira etorri eta nire marrazkien nondik norakoak entzutera", adierazi du eskoriatzarrak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak