Irailean 90 urte beteko dira 1936an tropa faxistak Eskoriatzara iritsi zirenetik, eta, mugarri hori kontuan hartuta, Memoria Antifaxista Bizia taldeko kideek ekitaldia egingo dute Lete elizateko iturrian. Taldea badabil herrian duela bederatzi hamarkada gertatutakoaren memoria egiten: "Gaur egun badagoelako jarrera faxisten gorakada bat eta gogorarazi nahi dugulako duela 90 urte bizi izan zen egoera nolakoa zen". Taldeko kide Iñaki Lizundiak dio orduko hartako egoera "tentsio handikoa" zela. "Mola jeneralak Nafarroatik prestatu zuen kolpe militarra, eta Gipuzkoa okupatzeak garrantzi handia zuen harentzat. Irun okupatzea zen euren lehenengo egitekoa, eta Debagoiena gelditu zen Gasteizen parean. Hango lana izan zen muga hori defendatzea, eta uztailaren amaieran hasi ziren batzorde defendatzaileak sortzen; Leintz Gatzagakoa izan zen lehena, eta horren ostean etorri zen Eskoriatzakoa. Irailaren 20an irten ziren militarrak Debagoiena okupatzera, eta bailaran defentsarako indar nahikoa ez zegoela kontuan hartuta lortu zuten herriak okupatzea", azaltzen du Lizundiak.
Irailaren 21ean iritsi ziren indar militarrak Eskoriatzara, eta herria hustu zuten. "Defentsa antolatzeko ezinbestekoak izan ziren Otxandioko kuarteletik Eskoriatzara iritsi ziren indarrak eta herrietako milizianoak. Ideologia antifaxista zuen Benito Reolaren eta Juan Ibarrola militarraren laguntza ezinbestekoa izan zen herriaren defentsan. Lortu zen Zarimutz, Jarindo eta Marin milizianoen eskuetan gelditzea", dio Lizundiak.

Luciano Arkauz Iturbe gogoan
Luciano Arkauz Iturbe indar faxistek hil zuten lehenengo eskoriatzarra izan zen, eta hura gogoan izango dute domekako ekitaldian, haren omenezko plaka batzuk jarriko baitituzte. "Luciano Leteko baserritar gazte bat zen. Indar faxistengandik ihes egiten saiatu zen, beldurragatik, baina tiroz hil zuten", azaldu du Lizundiak. "Plakak jarriko ditugu, nahi dugulako gertatutakoaren memoriak bizirautea. 90 urte igaro dira hori guztia gertatu zenetik, eta uste dugu plaka horiek jarrita gogorapen iraunkor bat mantentzen dugula. Aitortza egiteko lehenengo urratsa da, baina horrek eragin behar du hausnarketa bat 1936an gertatu zenaren eta faxismoaren ingurukoa, eta ikasketa bat orduan gertatutakoa etorkizunean errepika ez dadin", ondorioztatu du Memoria Bizirik taldeko kideak.
Joseba Tapiaren kontzertua
Memoria ekitaldia amaitzeko, 13:00etan, Herriko Plazan, 36ko gerran sortutako eta konposatutako kantuak ekarriko ditu gogora Joseba Tapiak, Errekan Gora ekimenak antolatu duen kontzertuan. "Euskal kulturaren eta oroimenaren parte bihurtu diren ereserkiak, bertsoak, koplak eta gudari-kantuak" abestuko ditu.