XX ta bortz diskoan bildu duzu zure ibilbidearen lagin bat. Zaila izan zen abestiak aukeratzea?
Kantu asko dira 1999an Amets bat bakarkako diskoa atera nuenenetik argitaratu ditugunak. Hamazortzi aukeratu nituen; rockeroenak, hain justu, bizi ditugun garai hauetan garrasi pixka bat egitea garrantzitsua delako. Badaude kantu lasaiak ere, baina orain, batez ere, garrasi egiteko premia daukat, faxismoarekin, Palestinarekin edota Sahararekin gertatzen ari dena ikusita.
Zuzenean grabatutakoak dira.
Ataunen, Beran eta Hondarribian grabatutako kontzertuetako kantuak dira, bai, CDan eta binilo bikoitzean entzungai daudenak. Eskoriatzan egitarau berbera aurkeztuko dugu, ia bi orduko emanaldian. Bukaeran, energiaren arabera, beste kanturen bat jo dezakegu, agian.
Etxeko Uztarekin zatoz. Nortzuk dira?
Joseba Irazoki eta Ruben Caballero gitarra-joleak, Igor Telletxea bateria-jolea eta Iñigo Telletxea baxu-jolea. Ruben izan ezik, Berakoak gara guztiok, eta ia ibilbide osoa daramagu elkarrekin; 2002a ezkero, gutxi gorabehera. Disko honetarako Rubeni deitu nion, ni abeslari lanean gehiago zentratzeko. Kantu batzuetan hartuko dut gitarra, baina, gehienetan, abestu bakarrik egingo dut.

2019an ere izan zinen Errekan Goran. Ze oroitzapen duzu?
Bakarka aritu nintzela, Inkernuko sarreran egokitutako oholtzan. Lagun pila bat dauzkat Eskoriatzan. Urte askoan joan izan naiz hara hilean bizpahiru alditan. Sofa bat nire formarekin daukat etxe batean. Oso ondo tratatzen naute. Janari ona, edari ona, parranda onak. Denetarik egin dugu, beti oso gustura.
Nolakoa da zure egunerokoa?
Udan sukaldari lanak egiten ditut, eta zaila izaten da musikari lanarekin partekatzea. Horregatik, bizpahiru kontzertu baino ez ditut jo uztailean eta abuztuan. Negu aldean disko berria prestatuko dut; postrea, esan dezagun. Pop folk estilokoa izango da, lasaiagoa. Udaberrian daukat grabatzeko asmoa.
Zazpi izokin errekan gora

Atxorrotx Kultur Elkartearen eta Eskoriatzako Udalaren eskutik, Aretxabaletako Orei rock talde berriak irekiko du aurtengo aldia, gaur, egubakoitza, 19:30ean, Inkernu kanpoan. 22:00etan, Algortako Arene 6-k hartuko dio lekukoa, Herriko Plazan, Sutan diskoko kantuak hizpide.
Biharko, hitzordu hirukoitza programatu dute, plazan bertan. Eguerdiko bermutari country, americana eta folk-rock doinuek jarriko diote izotza, 13:00etan, Arnau & The Honky Tonk Losers bilbotarrek zerbitzatuta. The Maniaks arrasatearrek 18:30ean punk-rockaren uhinetan murgilaraziko dute publikoa, eta 22:30ean, ostera, ska eta reggae dosiak banatuko dituzte Les Testarudes katalanek.
Gerrako kantuak
Domeka eguerdian, Joseba Tapiak emanaldi berezia egingo du; 36ko gerran hil zirenak oroitzeko ekitaldi hunkigarria borobiltzeko (Ikus 46. orria), orduan sortutako hainbat ereserki, bertso, kopla eta gudari kantu plazaratuko ditu trikitilari lasartearrak.
Eta jaialdia ixteko ardura, esan bezala, Petti eta Etxeko Uztarena izango da, arratsalde zazpietan.