Eskoriatzako lehenengo Klasikoa arrakastatsua izan da, errepideko –eta graveleko– bizikletekin 80 lagun animatu direlako elkarrekin bizikletan ibiltzeko. "Goiz pasa polita izan da, taldetan antolatu gara errepidean trabarik ez egiteko eta jendea gustora geratu da. Erritmo ezberdinetan ibili da jendea, eta Araba aldean 65 kilometro inguruko ibilbidea egin eta gero Eskoriatzako plazan batu gara ondoren", adierazi dute antolatzaileek.
Eskoriatzarrak bakarrik ez, inguruko herrietako jendea ere batu da hitzordura, bizikleta gainean goiz pasa bat egitea helburu izan duen topaketara. Ikusteko dago datorren urtean ere animatuko diren halako zerbait antolatzera. Oraingoz, gaurkoak emandakoaz gustora geratu dira.