Uztailaren 22ko osoko bilkuran aurkeztu zuen Eskoriatzako EAJren udal taldeak euskal poliziaren, ertzaintzaren eta udaltzaingoen lanari babesa adierazteko mozioa. EH Bilduren Udal Gobernuak, baina, ez zuen mozioa onartu eta adierazi zuen "gaur egungo polizia ereduaren inguruan hausnartu beharra" dagoela.
Jeltzaleek, komunikabideetara bidalitako ohar bidez jakinarazi dute "deitoratu" egiten dutela Udal Gobernuak "mozioa atzera bota izana". "Azken hilabeteetan Ertzaintzako agenteek, udaltzainek eta kidego horietara sartzeko prestatzen ari diren pertsonek jasan dituzten mehatxuak, irainak, seinalatzeak eta diskriminazio ekintzak" gaitzesten zituen mozioak. EAJk ohar bidez dio "kezkagarria" dela Udal Gobernuak "ez babestea gizarte demokratiko batean lekurik ez duten jokabideen aurrean zalantzarik gabeko gaitzespen mezua helarazi nahi zuen ekimen bat".
Era berean, Eskoriatzako EAJko bozeramaile Josu Ezkurdiak dio "jokabide faxista horiek onartezinak" direla, ezin dela "inor mehatxatu, iraindu edo seinalatu bere lana egiteagatik edo polizia-kidego bateko kide izateagatik". Bozeramaile jeltzaleak gehitu du Udala gai izan beharko litzatekeela "horrelako portaeren aurrean batasun mezu bat helarazteko". "Elkarbizitzaren, errespetuaren eta oinarrizko eskubideen defentsak ez luke ezberdintasun politikoez ulertu behar", gehitu du.
Jeltzaleek berretsi dute "elkarbizitza, elkarrekiko errespetua eta balio demokratikoekiko konpromisoa indartzen lagunduko duten ekimenak bultzatzen" jarraituko dutela.