Ze autorekin ibiliko zara?
BMW 328 autoarekin hartuko dut parte. Beste urte batzuetan Opel Astra batekin ibili izan naiz, baina aldatu egin dut orain. Iazko lasterketan ere auto berarekin hartu nuen parte, baina laugarren kilometroan puskatu egin zen eta ezin izan nuen gehiago egin.
Aurtengo asmoa, hortaz, zein da?
Lasterketa bukatzea eta arratsaldean, 18:00etan, Herriko Plazan garagardo batekin egotea; kar-kar.
Maila handia egoten da lasterketan?
Denetik egoten da. Euskal Herrian maila nahiko handia dago automobilgintzari dagokionez. Beste urte batzuetan, akaso, maila handiagoa egon izan da, baina aurten ere pilotu onak etortzea aurreikusten dugu; zaila izango da irabaztea.
Zein izango da zure kopilotua?
Aimar Marcos. Konkis-en batera egon ginen, eta egunen baten nirekin lasterketa baten parte hartuko zuela esan nion. Irundarra da hura, eta, sanferminen ostean, despistatu samar etorriko dela uste dut; kar-kar. Baina, tira, ea ondo irteten den guztia. Haren lehenengo aldia da autoaren barruan; ea maila ona ematen duen.
Tentsioa baretzeko gomendiorik egin diozu?
Lasai egoteko eta gozatzeko esaten diot. Etxeko lasterketa izanda, ordu asko egin ditugu ibilbide hartan gora eta behera, egoera askotan; kar-kar. Hortaz, ia buruz dakigun bidea da. Ondo pasatzeko egun bat da.
Eskoriatzan badago rallysprintekiko zaletasunik?
Betidanik egon da. Aurten, bost izango gara, baina badago jende gehiago ere. Halako herri baten automobilgintzari lotutako zaletasuna egotea beti da pozgarria.
Inguruko herrietako rallysprintetara ere joaten zara?
Aurrekontuaren araberakoa izaten da; izan ere, automobilgintzaren mundua oso garestia da, eta, batzuetan, etxekoak edo etxetik gertukoak diren lasterketak aukeratu behar izaten ditugu. Ez horrenbeste diruari dagokionez, nahiz eta auto hauen mantentzea garestia den, baizik eta autoek eskatzen duten denborari dagokionez. Guztia norberak egiten du, bestela ekonomikoki bideraezina izango litzateke.
Ze ezaugarri ditu Eskoriatzako rallysprintak?
Traidore samarra dela esango nuke. Beste lasterketa batzuetan ibilbide osoan dago asfalto ona; Eskoriatzakoak, berriz, denetik dauka. Uste dut rallysprint honetan autoaren zaldi kopuruak baino, pilotuak duela garrantzi handiagoa.
Ibilbideko zer zatitan gozatzen duzu gehien?
Gehien gustatzen zaidan zatia da Bolibar auzoko igoera. Baserria dut han, eta txikitatik igotzen naiz hara.
Errepide bazterrean gertuko jendea egongo da, ala?
Zoragarria da halako zaleak egotea. Lehen, zaletasun handiagoa zegoen, nire ustez, baina gaur egun ere jende mordoa joaten da areketara.