Udako Jaia egingo dute gaur Intxaurtxueta plazan

Julen Murua Mesonero 2026ko uztailaren 17a

Intxaurtxueta plaza, jaietan.

Aurten ere, San Pedroko eta Intxaurtxuetako Bizilagunak Elkarteak Udako Jaia antolatu du, udari hasiera emateko.

"Haurrek jai hartu dute dagoeneko, eta eurek gozatzeko ere bada jai hau. Ur-jolasak izango ditugu eurentzat, eta, ostean, nagusiagoentzako ekintzak antolatu ditugu. Barra bat jartzen dugu, normalean, eta mojitoak prestatu. Eskoriatzan urtean zehar ez da egoten mojitoak edateko aukerarik, eta horregatik prestatzen ditugu guk Udako Jaian. Parrilla ere martxan jarriko dugu; gure jaiko klasiko handi bat da eta arrakastatsua izaten da", adierazi du antolatzaile lanetan diharduen Andoni Motok.

San Pedro txikiak, irailean

Udari hasiera emateko bai, baina irailaren 11tik 13ra ospatuko diren San Pedro Txiki jaiei begira motorrak berotzeko ere balioko du Udako Jaiak. Zazpigarrenez antolatuko dituzte San Pedro Txiki jaiak, eta aurten ere ekintzaz beteriko hiru egun izango dituzte. Motok jakinarazi duenez, iazko nobedadearekin jarraituko dute: "Tirolina bidez, San Pedro Txikia balkoi batetik txosnagunera botako dugu aurten ere, jaiak hasiko direla erakutsi nahi dugulako; une garrantzitsu bat izatea nahi dugu".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak