Iaz Gorka Idigorasek irabazi zituen lasterketen artean, Eskoriatzakoa berezienetakoa izan zen, seguru. Azken urteotan Apalantzaren nagusitasuna amaituta, eskoriatzarrak lasterketa borobila egin zuen Peugeot 208 Rally4 autoarekin, eta, Nerea Campos kopilotuak lagunduta, Eskoriatzako plazako sari banaketa ekitaldian podiumaren lehenengo koskara igo ahal izan ziren. Hori gutxi balitz, puntu horiek denboraldi amaieran Euskadiko txapeldun izateko ere baliagarri izan zituen.
Bada, zapatuan iazko txapela defendatu beharko zuketen Idigorasek eta Camposek, baina eskoriatzarrak aste barruan baieztatu dio GOIENAri bihar ez dela irteeran izango. Maiatz hasieran auto istripua izan zuten Lea Artibaiko lasterketan, eta horrenbeste esfortzurekin erositako eta prestatutako Peugeot autoak kalte handiak izan zituen. "Kolpe haren ondoren, aurten antolaketa lanetan egotea tokatzen zait", adierazi du pilotu eskoriatzarrak, etsipenez.
Bost eskoriatzar irteeran
Zapatuko lasterketak azken urteotako parte-hartze kopuru berdintsua izango du (12:00). "43 pilotuk eman dute izena –iaz, 42 izan ziren–, eta kopuru polita da. Gurea nahiko lasterketa berria da, ez du oihartzun handia, baina etorri direnek errepikatu egiten dute, gustuko dute trazatua", dio Aritz Zubia pilotu eta lasterketako antolaketa taldeko kideak (Elkarrizketa, 18. orrian). Esan bezala, etxeko pilotu Idigoras ez da lasterketan izango, eta aukera hori baliatzen saiatuko dira aurrealdeko postuen lehian ibiliko diren Alberto Marcos eta Iraitz Olariaga pilotuak –Eskoriatzan hainbatetan irabazi duen Aitzol Apalantzak ez du parte hartuko–. Bestalde, Debagoieneko pilotu asko egongo dira irteera puntuan, eta, tartean, bost eskoriatzar: Joseba Frutos (Clio sport), Aritz Zubia, (BMW 328), Gorka Urrutia, (BMW 325), Unai Jurado (BMW 325) eta Mikel Oiartzabal (BMW 325).
Urtero moduan, lasterketa lau txandatan banatuta egongo da, eta, ibilbide berean, Eskoriatza eta Aretxabaleta artean bi noranzkoetan jokatuko da, Mendiola, Lete, Eraña eta Bolibar auzoetan. 12:00etan hasiko da lehen txanda, Aretxabaletan, eta bigarrena, 13:10ean. Arratsaldekoak, Eskoriatzan, 15:30ean eta 16:40an hasiko dituzte. Ondoren, herriko plazan egingo dute sari banaketa ekitaldia.