Jende askok musikarekin lotzen hau; hik, ordea, zelan aurkeztuko hauke heure burua?
Biharbada, ingurukuek musikarekin lotzen naixuek, betidanik asko gustau jatelako eta musika-munduan murgilduta ibili nazelako, eta hola aurkeztuko naukek neure burua. Hala be, beste ezer baino lehen, pertsona euskalduna nok, eta bigarren mailan jarriko naukek musikarekiko loturia. Gaur egun, Bogside taldia jaukat, eta orain dala gutxi beste talde bat sortzeko aukera be izan juat, unibertsitateko hiru lagunekin batera: Pote OI.
Txikitatik musikan; ze eman dusk?
Musika eskolan hasi nintzuan eta 10 urte nittuela ekin nutsan baterixa jotzeari. Azken lau urtietan ordu asko sartu juat, etxerako baterixia erosi nauenetik. Musikak asko emun justek. Seguru nak talde honek izango ez banittu, baterixarekin orduak emungo ez banittu edo entzuten doten musikia entzun izan ez banau, ez nintzela gaur egun naizen pertsona bera izango. Entzuten eta joten doten musikiak nire ideiak eta izaeria finkatzen lagundu justiek.
Bogside proiektu barrixa dok; zer dok hiretzat talde hori?
Nire lehen taldia dok, eta betidanik izan doten ametsa bete jok. Sasoi batian, instrumentua joten auen bakarrenetakua nintzuan nire inguruan, baina presioari ez nutsan kasurik egin eta gustatzen jatenarekin jarraittu naixuan. Beti esaten naixuan talde bat izan nahi nauela, eta egun batian Bogsideko gitarra-jotzailiak talde bat sortzeko proposamena egin justan. Baietz esan nutsan, eta hola sortu zuan taldia, orain dala urte eta erdi.
Txaranga, banda, Bogside... zer gustatzen jak gehixen?
Txarangan eta bandan aukerak izan jittuat, baina ez dok benetan deitzen nauen mundu bat. Gehien gustatzen jatena taldiekin egitten dotena dok.
Oholtza gainian eta egunerokuan pertsona bera haiz?
Esango naukek baietz. Hori bai, lagunek esaten justiek makilak hartzen dittutenian beste mundu batian sartzen nazela. Une horretan deskonektau egiten juat eta ez juat ezer entzuten; nire munduan sartzen nok. Jentiak aurpegi arraruak jartzen dittutela esaten justek, baina, egixa esan, etxatek ardura. Oholtzara igo eta ni izaten jarraitzen juat, baina nire munduan.
Musikatik bizi ahal izatia ala nahixago dok pasio izaten jarraitzia?
Biak bateratzia gustauko litxakitek. Nire pasioa lanbide bihurtzia ederra izango litzakek. Musikatik bizitzia ametsa dok, baina, aldi berian, pasio izaten jarraitzia be bai.
Kontzertu batian izan doken hanka-sartzerik haundixena?
Azken kontzertuan gertau jatan, Eskoriatzako txosnetan. Ilusino berezixa egiten justan kontzertua zuan, nire herrixan, eta, gainera, Txosna Batzordeko kidia nok. Kontzertuaren erdixan baterixako pedaleko pieza bat askatu jatan, eta abesti oso bat ezker hankarekin jo behar izan naixuan; asko kostau jatan.
Zelakua izango litzakek hiretzat asteburu perfektua?
Lehenengo, eskolak amaitu eta asteburuan sartzia. Lagunekin trago batzuk hartu eta afari on bat; ondoren, parranda pixka bat. Zapatuan baserrira egun-pasa joan eta bista ederrekin afaldu. Domekan, lagunekin arratsalde lasaia pasau Inkernu tabernako terrazan.