"Maila ahalik eta azkarren mantendu, eta amets egin nahi dugu gero"

Julen Murua Mesonero 2026ko uztailaren 10a

Eskoriatzako entrenatzaile Narciso Pavo. Argazkia: Eskoriatza KE

Hamaika urte igaro eta gero, Eskoriatzako areto futbola utzi zuen Mikel Alkaide entrenatzaileak joan den ekainean, eta haren lekukoa hartu du 1993a ezkero klubari lotuta daraman Narciso Pavok (Eskoriatza, 1965). "Ilusioz" ekin dio erronka horri entrenatzaileak, eta dagoeneko hasi da denboraldi berriko taldea osatzen. Jokalari garrantzitsuek utzi dute taldea, baina badaude Pavoren proiektura batu diren hainbat jokalari berri ere.

Nola hartu duzu kargua?

Ez zen hasierako asmoa. Mikelekin [Alkaide] jarraitzeko asmoa genuen, gure ustez oso entrenatzaile ona delako. Areto futbolarekiko pasio handia du, eta oso langilea da. Baina denbora dezente zeraman datorren denboraldian jarraitzeko zalantzarekin. Inguruan geneuzkan aukerak aztertzen hasi ginen, eta erabaki genuen aukera onena zela ni neu izatea Eskoriatzako entrenatzailea.

Taldea barrutik oso ondo ezagutzen duzu.

Hala da, bai. Denbora asko daramat klubean, eta taldekideak ezagutzen ditut nire semeak izango balira bezala. Eskoriatzaz gain, Tolosako Laskorain taldean ere ibili naiz entrenatzaile, Bigarren B Mailan. Hiru urte oso aberasgarri izan ziren, eta ikasitako guztia Eskoriatzan erabiltzea da asmoa. Klubak funtzionatzen jarraitu dezan lan egin nahi dut, benetan sinisten dudalako egiten dugun lan guztian.

Denboraldiaurrean murgilduta zaudete dagoeneko?

Hiru entrenamendu egingo ditugu uztailean, eta abuztuaren 24ra arte atseden hartuko dugu. Orduan hasiko dugu denboraldiaurreko zati nagusia. Dagoeneko erabakita ditugu entrenamendu eta partidu guztiak.

Zein da datorren denboraldiko helburua?

Bihotzak esaten dit, umiltasun oso-osoarekin, helburu nagusia dela maila ahalik eta azkarren mantentzea. Etapa berri bat hasiko dugu, eta hori ezinbestekoa izango da. Hortik aurrera, lan eginez amets egin dezakegu. Hala ere, ez ditut helburu handiak jarri nahi; egunerokotasuneko lanari ematen diot garrantzia, eta horrek talde hobea izatea eragingo du. Astero egingo dugu lan taldea hobetzeko, eta, helburu nagusia lortu eta gero, amesteko aukera izango dugu.

Hainbat jokalarik utzi dute taldea; nola eragingo du horrek?

Taldea utzi dutenak jokalari garrantzitsuak dira, gainera. Kapitainak [Aratz Kortazar] 20 urte inguru egin ditu gurekin, eta taldeko liderra zen. Hutsune hori betetzea kostako zaigu. Hala ere, dagoeneko egin ditugu fitxaketa batzuk. Datorren denboraldirako Azkoitiko Jon Aranda egongo da gurekin. Futbolean ibilbide oparoa izan duen jokalaria da, eta, areto futbolera egokitu egin beharko duen arren, kalitate handiko jokalaria da eta oso fitxaketa ona iruditzen zait. Oier Saenz-Azkunaga Txiki-k eta Jokin Murillok ere ez dute gurekin jarraituko datorren denboraldian, eta oso jokalari garrantzitsuak izan dira orain arte. Jon Arandaren fitxaketaz gain, orain arte Aloña Mendin ibili diren Carlos Odriozola eta Juan Pineda gurekin izango dira datorren denboraldian. Uste dut taldeko baja guztiak ez ditugula guztiz ordezkatu, baina gurekin egongo diren jokalari berriekin pozik nago. Ilusio handia dut eta sinisten dut talde berri hau gauza politak egiteko gai izan daitekeela. Lan handia egin beharko dugu gure helburuak lortzeko.

Zein izango da talde lehiakorra izateko gakoa?

Talde izaerari eustea izango da garrantzitsuena. Ez dut nahi izarrez jositako talde bat izatea, talde izarra izatea baizik. Taldea jarri behar dugu erdigunean, eta indar guztiak horretara bideratu. Guztiok barneratzen badugu ideia hori, gauza on asko egingo ditugu.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak