Gaur hasi eta uztailaren 22ra bitartean izango dute Eskoriatzako gazteenek udaleku irekiez gozatzeko aukera. Aurten, berrikuntza gisa, Txatxilipurdi elkarteak lekukoa hartuko dio Txirikila elkarteari, eta eurek antolatuko dituzte udalekuak.
Astegunetan, 09:00etan hasiko dute eguna, eta 13:00etan bukatu; eguenetan, berriz, egun-pasak egingo dituzte, eta ordutegia izango da 09:00etatik 17:00etara bitartekoa. Egun horietan guztietan, herriko hainbat txokotan egingo dituzte ekintzak, eta txoko horiek gaztetxoenen jolas-leku bihurtuko dira.
3 eta 12 urte arteko haurrak
Zehazki, 3 eta 12 urte bitarteko haurrei zuzendutako udalekuak izango dira, eta urteroko kopuru antzekoetan ibiliko dira izen-emateari dagokionez –135 haurrek eman dute izena–. Horiek guztiak dinamizatzeko "hamazazpi hezitzaile eta bi koordinatzaile" egongo direla jakinarazi du Txatxilipurdik.
Herrian, eta herritik kanpo
Udalekuek iraungo duten ia hiru asteetan askotariko ekintzak egingo dituzte herriko haurrek. Betiko ohiturei eutsiz, egingo dituzten ekintzez "gozatzea", ezagutzen dituzten gainontzekoekin bai baina ezagutzen ez dituztenak "ezagutzea eta euren artean nahastea, harreman osasuntsuak eraikitzea eta herri izaera garatzea" dira aurtengo udalekuetarako Txatxilipurdiko kideek ezarri dituzten helburu nagusiak. Herrian zehar ibiliko dira horretarako; egunerokoan askok ezagutzen dituzten txokoetara zein aurretik ezagutzen ez zituzten lekuetara joango dira. Baina Eskoriatzatik harago joatea ere bada asmoa, eta egun osoko irteerak ere egingo dituzte horretarako: "Askotariko ekintzak egingo ditugu udalekuetan. Esaterako, uztailaren 9an, herriko auzoetara joango gara, eta uztailaren 16an, berriz, herritik kanpoko irteerak egingo ditugu, eta Landara eta Araiako zein Elorrioko igerilekuetara joango gara. Horrez gain, eta urteroko ohiturari jarraituta, uztailaren 10ean, egubakoitzean, sanferminak ospatuko ditugu Eskoriatzako kaleetan. Horretarako, almuercico bezala ezagutzen den hamarretakoa egingo dugu lehenengo, eta buruhandiek girotutako kalejira gero. Nafar festa izango da protagonista", adierazi dute Txatxilipurdikoek.