Urterokoari berrikuntzak gehituta, herriaren erantzunak borobildu ditu jaiak

Julen Murua Mesonero 2026ko uztailaren 3a

Adin tarte guztiei zuzendutako egitaraua izan da sanpedroetakoa, eta herritarrengandik jasotako erantzuna "oso ona" izan dela adierazi dute Udal Gobernuak eta Txosna Batzordeak.

Ofizialki ekainaren 28an hasi –ekainaren 27an ere egon ziren ekintzak–, eta lau egunez murgildu dira eskoriatzarrak 2026ko San Pedro jaietan. Oro har, "balorazio positiboa" egin dute Udal Gobernuak eta Txosna Batzordeak, eta batzuek zein besteek "herritarrek izan duten parte hartze handia" nabarmendu dute.

Herritarren erantzuna, oso ona

"Oso pozik" daude Udal Gobernuko kideak, askorako eman duten sanpedroak bukatu berritan. "Adin tarte guztietako eskoriatzarrek" izan dute jaietan parte hartzeko eta gozatzeko aukera, eta horri balioa ematen die. Hobetzekoak beti daudela diote, baita norbere erantzukizunetik kanpo dauden gertaerak ere. "San Pedro bezperako danborradan, eguraldiak baldintzatu egin zuen ekitaldia; izan ere, erraldoien konpartsak laburtu egin behar izan zuen ibilbidea eta danborrada ere justu samar bukatu zen. Hala ere, aurrera egin genuen guztiarekin, eta pozik gaude egindakoarekin. Gainera, bageneukan edukiontziekin gertatu zitekeenaren gaineko beldur apur bat, baina bakean utzi dituzte guztiak; lasai joan dira jaiak", adierazi du Eskoriatzako Udaleko Kultura zinegotzi Edorta Barandiaranek.

Jaietako egitarauan urteroko hitzorduak nabarmentzen diren arren, herritarren erantzunak "oso ona" izaten jarraitzen duela nabarmendu du Barandiaranek. Hala ere, berrikuntzak sartzen saiatzen dira, eta aurten Euskal Jai Eguneko herri kirol erakustaldia izan da nobedadea. "Oso ondo egon zen. Polita, dinamikoa eta entretenigarria izan zen, eta asmatu egin dugula uste dugu", esan du.

Txosna Batzordean ere pozik

Txosna Batzordeko kideek ere "oso pozik" bukatu dituzte jaiak, eta zapatuan zein domekan egondako "jende kopuru handia" nabarmendu dute. Gainera, aste barruan jende gutxiago egongo zela uste bazuten ere, txosnagunean jende asko ibili dela diote: "Martitzeneko bazkarian, esaterako, 200 pertsona baino gehiago elkartu ginen; kopuru oso deigarria iruditzen zaigu, eta oso pozik gaude".

Kuadrillen arteko jolasek izandako "arrakasta" ere azpimarratu dute. Gainera, balioa eman diote Txosna Batzordera gazte asko batu izanari: "Inplikazio handia izan dute, eta, esaterako, sare sozialei bultzada handia eman diete. Herriko gazteak batzordera etortzera animatzen ditugu", gehitu dute. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak