Pilotak leku nabarmena izango du San Pedro eguneko egitarauan. Jardunaldia 17:00etan hasiko da ekainaren 29ko txapelketa herrikoiaren baitan jokatuko diren umeen finalekin. Ondoren, bi pilota partida nagusi izango dira ikusgai: lehen neurketan, Lizaso eta Balerdi bikoteak Urmeneta eta Erasunen aurka neurtuko ditu indarrak. Bigarren partidan, berriz, Urruzolak eta herriko pilotari Zugastik osatutako bikoteak Mikel Goñi eta Alduntzin izango ditu aurkari.
Eskoriatzako pilota taldea
Bi partiduen artean une berezia biziko da frontoian: Eskoriatzako pilota talde berriaren aurkezpen ofiziala egingo dute. Izan ere, urte askoren ondoren, Eskoriatzak pilota talde federatua izango du. Talde berriaren helburua da herriko gaztetxoak pilotara hurbiltzea eta pilotan ari direnei Eskoriatzan bertan federatuta jokatzeko aukera eskaintzea. Taldearen sustatzaile Oskar Ruiz de Apodakaren esanetan, aurkezpena San Pedro egunean egitea ez da kasualitatea izan, "herritarrengana iristeko, herriko jaiak aukera paregabea dira eta". Horregatik, San Pedro egunean frontoira bertaratzeko deia egin die herritarrei.