Danbor hotsak nagusituko dira berriz ere Eskoriatzan San Pedro bezperan

Olaia Milikua 2026ko ekainaren 26a

Iazko San Pedro jaietako danborrada. GOIENA

Danbor hotsak izango dira protagonista Eskoriatzan San Pedro egunaren bezperan; izan ere, beste urte batez, 22:30ean hasita aterako dira batailoiak herriko kaleak girotzera. Girixak batailoia eta Marcha de Gallos abestia gehituko dira aurtengo danborradan. 

Ekainaren hasieran hasi zituzten entseguak, eta, ordutik, guztira zortzi egin dituzte. Antolakuntzako kide Andoni Motok adierazi duenez, "ondo" joan dira aurtengo entseguak, "beti bezala". 

Berrikuntzak danborradan

Urteroko hitzordua izaten da, bai danborradan parte hartzen dutenentzat baita ikustera bertaratzen diren herritarrentzat ere. 350 herritar inguruk hartuko dute parte aurten, zortzi batailoitan banatuta. Hala, iaz baino batailoi bat gehiago aterako da, Girixak izenekoa. Kanpotik Eskoriatzara bizitzera etorritako hogeita zazpi lagunek osatzen dute azken hori 

Aurtengo danborradak iazko egitura bera mantenduko du, batailoiak bi taldetan banatuta aterako baitira. Lehen taldea 22:30ean abiatuko da, Marian Aranburuzabala zuzendari nagusi dela. Bertan, Irrintzi, Girixak, Gu Geu eta Elkartasun batailoiko parte hartzaileen erdiak irtengo dira. Bigarren taldea, berriz, hamabost minutu geroago irtengo da, leku beretik; ibilbide bera egingo du, Andoni Moto zuzendari nagusi dela. Talde horretan izango dira Euskal Giroa, San Pedro Txiki, Eguzkilore, Elkartasun batailoiko gainontzeko parte hartzaileak eta Sukaldarixak.

Aurtengo edizioko berrikuntza nagusietako bat musika alorrean egindako ekarpena izango da. Izan ere, danborradak beste pieza bat gehituko du aurten bere ibilbidean: Marcha de Gallos abestia lehen aldiz interpretatuko dute parte-hartzaileek.

Haurren danborrada

Ekainaren 30ean izango da haurren danborrada, eta eskoriatzar txikienek protagonismo berezia hartuko dute herriko jaietako egitarauan danbor hotsen eta martxen erritmoan, herriko kaleak girotuko baitituzte. Aurten ere parte-hartzaileak kiroldegian elkartuko dira, eta bertatik abiatuko dira. Ekitaldiak adin txikiko parte-hartzaile ugari bilduko ditu, beste behin ere, eta herritarrek aukera izango dute kaleetan zehar emanaldiaz gozatzeko. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak