Urte osoko lanaren emaitza da Eskoriatzako txosnaguneko egitaraua

Olaia Milikua 2026ko ekainaren 26a

Kuadrilla Arteko XII. Bandera altxatzea. GOIENA

Eskoriatzako Txosna Batzordeak prest dauka aurtengo jaietarako egitaraua. Txosnen irekiera ekitaldiarekin hasiko da egitaraua. Bihar batzordeko bi gaztek hitza hartuko dute, eta, ondoren etxafuegoa jaurtiko dute, jai giroa ofizialki hasteko. Kuadrilla Arteko XIII. Bandera altxatzeko jolasak aurten ere sorpresa izango dira.

Aurtengo leloa Txirri, txirri izango da. Txosna Batzordeko kide Goizane Zubizarretaren esanetan, sorreratik pixkanaka eraiki eta sendotu da Eskoriatzako Txosna Batzordea, eta etorkizunean ere bide horretan jarraitzeko nahia islatu nahi izan dute aurtengo leloan.

Antolakuntza lanak, gainera, gero eta lehenago hasi behar izaten dituztela adierazi du. Musika taldeak lotzeko zailtasunak handitzen ari direla eta, aurten azaro-abendu inguruan ekin zioten egitaraua prestatzeari. Hala ere, programazioa ixtea ez dela erraza izan azaldu du, azken unera arte hainbat xehetasun lotzen aritu baitira. Zubizarretaren arabera, beste herri batzuetan aurrekontu handiagoak dituzten arren, Eskoriatzako errealitatea bestelakoa da, eta urtero ahalegin berezia egin behar izaten dute baliabideak kudeatzeko. Gainera, aurtengo egutegia kontuan hartuta, ez dute uste inbertsio handiak egiteko urterik egokiena denik. Horregatik, azken urteetako egitura eta dinamika nagusiei eustea erabaki dute.

Era berean, Txosna Batzordetik urte osoan egiten den lan kolektiboaren garrantzia azpimarratu du Zubizarretak. Adierazi duenez, jaiak "urte osoko asanblada eta auzolanetan egindako lanaren emaitza" dira, eta herriko gazteei dei egin die lotsarik gabe batzordearen asanbladetara joateko eta parte hartzeko. Azken finean, Zubizarretaren esanetan, Eskoriatzako jaiek ez dute aparteko osagairik behar arrakastatsuak izateko: herritarren parte-hartzeak eta giro onak egiten dituzte jaiak berezi. 

XIII. Bandera altxatzea

XIII. Banderari dagokionez, aurten ere batzordeko talde batek antolatu ditu, eta izen ematea egunean bertan izango da; horrenbestez, eguna heldu arte ez dago jakiterik zein jolas izango diren, ezta parte-hartzaile kopurua ere.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak