109 domina lortu dituzte Gipuzkoakoan eta Euskadikoan Atama taldekoek

Julen Murua Mesonero 2026ko ekainaren 26a

Atama karate taldeko kideak. Argazkia: Atama

Eskoriatzako karate taldeko 36 kirolarik hartu zuten parte txapelketetan.

Kenpo federatuko Gipuzkoako eta Euskadiko txapelketak jokatu ziren joan den asteburuan Oiartzungo Elorsoro kiroldegian, eta Eskoriatzako Atama Karate taldeak ordezkaritza handia izan zuen han. Atamako 36 kirolarik eta sei epailek osatu zuten ordezkaritza, eta "oso emaitza onekin" itzuli ziren etxera. Hala, Atamako zuzendari tekniko Rafa Carrietek dio "oso pozik" daudela taldeak asteburuan erakutsitako mailarekin.

Hainbat diziplina

Alebin mailatik hasi eta nagusien kategoriara arteko kirolariak izan zituen Atama taldeak txapelketan, eta kata, kobudo eta goshin modalitate tradizionaletan zein semikenpo eta fullkenpo borroka diziplinetan izan zuen ordezkaritza karate taldeak.

Txapelketan emaitza ezin hobeak lortu zituzten kirolariek; fullkenpo diziplinako parte hartzaile guztiek lortu zuten domina bat. Taldeak, guztira, 109 lortu zituen bi txapelketak kontuan hartuta. Txapelketa bakoitzeko emaitzak honako hauek izan ziren: Gipuzkoako Txapelketan, 30 urrezko domina, 22 zilarrezko eta 15 brontzezko lortu zituzten; guztira, 67. Euskadiko Txapelketan, berriz, urrezko 22 domina, zilarrezko 12 eta brontzezko 8 lortu zituzten; guztira, 42 domina. Oiartzunen jokatutako txapelketez gain, Atamak ordezkaritza izan zuen Donostian jokatu zen Grappling Industries txapelketan; taldekide batek urrezko domina lortu zuen grappling no-gi modalitatean. "Etengabe hobetzen ari gara kenpoan, eta txapelketaren erritmoaren barruan egoteak egiten du gure kirolariak txapelketetan oso fin ibiltzea", adierazi du Carrietek.

Atsedenerako tarterik gabe

2025-2026ko denboraldia bukatzeko, uztailaren 19an Guimaraesen (Portugal) jokatuko dute azken txapelketa Atamakoek. Hala ere, denboraldi berria hasi arte denbora gutxi izango dute atseden hartzeko; izan ere, irailean ekingo diote hurrengo txapelketak prestatzeari. "Halako kiroletan denbora gutxi egoten da atseden hartzeko, baina ni oso pozik nago taldea egiten ari den bidearekin", esan du zuzendari teknikoak: "Txapelketetan lortutako emaitzek baino gehiago, gizarte mailan egiten dugun lanak betetzen gaitu. 78 kidek osatzen dugu kluba, eta eskerrak eman nahi dizkiet urte osoan lanean ibiltzen direnei".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak