Bukatu dute ikasturtea Buztin Ate buztingintza elkarteko kideek, eta oso urte emankorra izan da eurentzat. Irailean hasi eta 60 ikasle ingururekin ibili dira ikasturte osoan buztingintza elkartekoak, eta kopuru horiekin ibiltzeagatik "oso pozik" daudela dio elkarteko kide Olatz Pagaldaik. Ikasturtea "primeran" joan dela ere adierazi du. Gainera, itxarote-zerrenda osatu behar izan dute, eskaria oso handia izan delako, eta hori "buztingintzarekiko bailaran dagoen zaletasunaren seinale" dela dio. Teknikak nola landu erakusten dute eskoletan, eta bakoitzak sortu nahi duen lan motarako jarraibideak ematen dituzte.
Datorren ikasturteari begira, dagoeneko zabaldu dute aurrematrikula egiteko epea, buztingintza eskoletara joateko asmoa dutenentzat. Elkarteko kideak jakinarazi du komeni dela izena eman nahi dutenak "azkar ibiltzea"; izan ere, askotan, parte hartu nahi duten guztientzat "tokirik gabe" gelditzen dira. Bestalde, irabazi-asmorik gabeko elkartea izanik, boluntario lana egin behar izaten dute. Hortaz, lan horretan laguntzeko prest dagoen jendea "besoak zabalik" jasoko dutela esan du.
Inguruko herrietakoak ere bai
60 ikasle inguruk osatzen dute elkartea gaur egun, eta, adinari dagokionez, gazteek zein helduek hartzen dute parte eskolan. Adinari dagokionez bakarrik ez, Buztin Ateko ikasleen herriari dagokionez ere askotarikoak dira eskolak; izan ere, buztina lantzera joaten direnak ez dira eskoriatzarrak soilik izaten. Pagaldaik dio bailaran badagoela buztingintzarekiko zaletasuna, eta Debagoieneko herrietako jendea ere izaten dutela. "Inguruko herrietatik etortzen da jendea; zaletasun handia dago, eta horrek asko pozten gaitu. Gabonetako ikastarora, esaterako, Tolosatik ere etorri ziren. Asko eskertzen dugu halako harrera izatea. Hartu-eman polita sortzen dugu guztion artean, eta, bakoitzak nahi duen pieza egiten duenez, polita da ikustea ingurukoak zertan dabiltzan", gehitu du.
Hamargarren urteurrena
Ikasturtea bukatu duten arren, dagoeneko hasi dira datozen ekintzak lantzen. Izan ere, urriaren 24an, hamargarren urteurrena beteko du Buztin Ate elkarteak, eta Buztingintza Eguna antolatzeko asmoa dute. Hamar urtean gauzak "asko" aldatu direla dio Pagaldaik. "Ur beroa jarri genuen, labe propioa ere badugu orain, berogailuak ipini ditugu... Jende mordoa igaro da Buztin Atetik denbora honetan guztian, eta gure jarduna herrira zabaldu nahi dugu. Gu, azken batean, lokalean egoten gara lanean, eta herritarrak ez dira egiten dugunaz ohartzen. Buztina herrira atera eta egun horretarako egitarau bat prestatzea da gure asmoa, esaterako, ikasleen lanak biltzen dituen erakusketa bat jarrita", gehitu du Pagaldaik.