Jose Arana egoitzak eta eguneko zentroak, Olazar jubilatuen elkarteak eta Udalaren JFOZ (Jarduera Fisikoko Orientazio Zerbitzua) zerbitzuak elkarlanean, Apotzaga auzoa ezagutzeko Tipi Tapa ibilbide berezia antolatu zuten. Ibilbidean zehar, bi auzokidek Apotzagako istorioak azaldu zizkieten, eta hilerria eta San Bernabe ermita erakutsi. Auzoa bisitatu eta gero, Olazar elkartekoek antolatutako mokadutxoa egin zuten auzo-elkartean.
"Ohitura osasungarriak indartzea eta jarduera fisikoa bultzatzea" da ekimenaren helburu nagusia; hori guztia, "herriko ondarearekin eta historiarekin bat eginez", antolatzaileek jakinarazi dutenez. Eta ekimenak izan duen "erantzun ona" ikusita, etorkizunean ere gehiagotan antolatzea da asmoa.