Atxorrotx Kultura Elkarteak antolatzen duen Kontzejupe txapelketaren 22. edizioa jokatu dute asteburuan Eskoriatzan, eta bederatzi bikote nor baino nor aritu dira goiz osoan. Euri apur bat egin du goizean, eta horrek "pilotak kaltetu" egin dituela adierazi dute antolatzaileek. Edozelan ere, goizak aurrera egin ahala geroz eta jende gehiago hurbildu da udaletxe azpira, eta arratsaldean jokatu diren finalaurreko partidek eta finalak ikusmina piztu dute.
Bada, eguna hasi duen eta itxi duen finala berbera izan da: Ander Errarte eta Mikel Errarte, Beñat Illarraren eta Aritz Zubiaren aurka. Eta bi partiduetan Ander eta Mikel Errarte nagusitu dira; multzokako fasean 25-23, eta finalean 25-15. Antolatzaileek adierazi dute "giro ona" egon dela egun osoan, eta "gustura" ibili direla Kontzejupe txapelketaren 22. edizioan. Parte hartzaileek Txalaparta jatetxean afaltzen bukatu dute eguna.