Atxorrotx Kultura Elkarteak antolatzen duen 16 urtetik gorakoen Kontzejupe Txapelketaren hogeita bigarren edizioa jokatuko da zapatuan, 09:00etan hasita. Dagoeneko herrian errotuta dagoen ekimena da kontzejupekoa, eta nahiko "txapelketa herrikoia" izateak askotariko eskoriatzarrak parte hartzea eragiten du. "Kontzejupean jokatzea ez da frontoian jokatzea bezala; errazagoa dela esan daiteke, ez delako hainbesteko indarrik behar eta teknikak eta pilota ondo erantzuteak duelako garrantzi handiena", adierazi dute antolatzaileek.
Iazko edizioan hamasei bikotek hartu zuten parte, eta "oso arrakastatsua" izan zen. Aurtengoa, berriz, "ahulagoa" izatea espero dute antolatzaileek, hamar bikote inguruk parte hartuko dutelako. "Hainbat arrazoi direla-eta ez dugu hainbeste bikotek parte hartuko".
Txapelketa berezia
Izan ere, ez da betiko pilota txapelketa bat, hein handi baten, ez delako ohiko frontoi baten jokatzen. Hala ere, "berezitasun ugari" dituela diote antolatzaileek: "Udaletxe azpiko frontoia izanda, paretak ez dira guztiz lauak eta koska asko dituzte. Hortaz, indarrak garrantzi handia galtzen du, eta teknikak, ondo kokatzeak, frontoian lekua ondo hartzeak eta pilotakadak paretetako kosketara botatzeak dute garrantzia".
Afaria ere egongo da
Egunean zehar eta Herriko Plazan jokatzen den txapelketa izanda, inguruan dabiltzan herritarrak partidak ikustera gelditzen dira sarritan. Herritarren aldetik ez ezik, parte hartzaileen aldetik ere "oso harrera ona" izaten duen ekimena izaten da, eta adin tarte askotako eskoriatzarrek hartzen dute parte: "Aurten egongo dira 18 eta 20 urte bitarteko gazteak, baina baita 50 urte inguruko bikoteren bat ere. Adin tarte horretan denetik egoten da txapelketa horretan, oso herrikoia delako".
Partidak jokatzen dabiltzan bitartean, plazan gelditu eta garagardoa edateko aukera izango dute gainontzeko parte hartzaileek. Ostean, urteroko legez, afaria egingo dute txapelketa jokatu duten bikoteek, Txalaparta jatetxean.
Gazteen txapelketa
Nagusiek ez ezik, 16 urtetik beherako herritarrek ere izango dute kontzejupean pilotan jokatzeko aukera. Gaur, 17:00etan hasita, benjamin mailako lau bikotek eta alebin mailako sei bikotek hartuko dute parte. Pilota eskolako ordezkariekin batera antolatzen duten txapelketa da, eta geroz eta indar handiagoa izaten ari dela diote: "Pandemia aurretik dagoeneko antolatzen zen, eta indartsu zegoen. Baina, ostean, urte pare batean ez genuen antolatu. Berriro ere indarra hartzen ari da orain, pilota eskolako arduradunek euren gazteak txapelketara bideratzen dituztelako; oso eskertuta gaude horregatik".