Sanpedroetako herri bazkariko txartelak salgai daude dagoeneko

Julen Murua Mesonero 2026ko ekainaren 12a

Sanpedroetako herri bazkaria 2025ean.

Adinez nagusi direnen herritarrentzat eta 18 urtetik beherakoentzat menu ezberdinak egongo dira.

Uztailaren 1ean 15:00etan egingo den herri bazkariko txartelak erosteko aukera dago dagoeneko, eta hainbat bide daude horretarako: alde batetik, eros daitezke kiroldegian, ekainaren 23a baino lehen; bestalde, ekainaren 19an kontzejupean erosteko aukera ere egongo da, 18:00etatik 20:00etara bitartean; horrez gain, www.bibe.me atarian ere egongo da bazkariko txartelak erosteko aukera. Modu telematikoan egiten dutenek txartelen prezioaren %10 gehiago ordaindu beharko dute.

Bi menu

18 urtetik gorako herritarrentzat eta 18 urtetik beherakoentzat menu bana egongo da eskuragarri. Adinez nagusiak direnen txartelaren prezioa 24 eurokoa izango da, eta menua, honako hau: iberikoak, entsalada mistoa, baserriko oilaskoa eta txerri-saiheskia parrillan, goxua edo limoi-sorbetea, edariak, kafea eta txupitoa. 18 urtetik beherako herritarren txartelen prezioa, berriz, 14 eurokoa izango da, eta menua, honako hau: iberikoak, urdaiazpikozko-kroketak, oilaskoa parrillan patatekin, izozkia, ogia eta edariak.

Lekua erreserbatzeko formularioa ere martxan da, eta elkarrekin bazkaldu nahi duten kuadrillek bete beharko dute, ekainaren 23a baino lehen. Udalak hainbat ohar nabarmendu ditu: lekua erreserbatu aurretik txartelak erosi behar dira; pertsona bakoitzeko txartel bat izango da eta menuak ezingo dira partekatu; eta erositako txartel kopuruak bat etorri beharko du erreserbatutako leku kopuruarekin.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak