Aste Zapatistako egitarauak jarraipena izango du asteburuan

Julen Murua Mesonero 2026ko ekainaren 12a

Carlos Taiboren hitzaldia, kultura etxean.

Kontzertuak, azoka, herri bazkaria eta bestelakoak egongo dira asteburuan, EskoZap taldearen eskutik.

Astelehenean ekin zion EskoZap taldeak Aste Zapatistaren aurtengo edizioari. Besarkada Eguna izan zen hura, eta beste hainbat ekintza izan dituzte, egunero, aste osoan. Astean zehar bai, baina astebururako ere antolatu dituzte Aste Zapatistari lotutako hainbat hitzordu. Alde batetik, gaur, Beñat eta Jon Flan, Bixentak eta Kultura Reggae Band taldeek kontzertua joko dute, 19:30ean hasita, Herriko Plazan. Gainera, kontzertuak jo bitartean takotegia martxan egongo da, eta, hori ez ezik, gaur arratsaldean artisauen eta bigarren eskuko azoka egongo da.

Aste Zapatistako egun beteena zapatua izango da. Goizean zehar jarraipena izango du gaur arratsaldeko azokak, baina 13:00etan abiaraziko dute egitaraua, txupina botata. Gainera, egunean zehar Burrunbazale txarangak girotuko ditu herriko kaleak, eta 14:30ean herri bazkari mexikarra izango da. Bazkalostean, txapel mexikarren jaurtiketen lehiaketa eta Txiki bakarrizketariaren Barre barra emanaldia egongo dira. Bazkalostea bukatzeko, tonbola solidarioa jarriko du EskoZap taldeak, eta Aste Zapatistako zozketa egingo dute gero.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak