2006an sortu zen Motxila 21 Nafarroako musika taldeak kontzertua joko du bihar, Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatearen 50. urteurrenaren baitan. Downen sindromea duten hamabost musikarik eta zazpi boluntario musikarik osatzen dute taldea, eta, hasieratik, taldekide guztiek gozatzeko eta ikus-entzuleak gozarazteko asmoarekin sortu zuten proiektua, Mari Jose Leozen arabera –sortzaileetako bat–: "Taldea sortu genueneko helburua oso arrunta zen: musikariek elkarrekin ondo pasatzea eta inguruko zein kanpoko tokiak ezagutzea. Eurek asko gozatzen zutelako abiarazi genuen proiektua, eta guk ere halaxe egiten genuen eurekin; helburu guztiak lortu ditugula esango nuke".
21 urtez oholtzan
Bi hamarkada baino gehiago igaro dira Motxila 21 proiektua sortu zutenetik, eta urte hauetan guztietan taldekideak "indartsu" mantendu dira proiektuak aurrera egiten jarrai dezan: "Orokorrean, proiektua abiarazi genuen guztiok jarraitzen dugu; taldekideren batek utzi egin du taldea, baina beste hiru kide sartu dira azken urteetan. Boluntarioei dagokienez, aldaketaren bat edo beste egon bada ere, hasierako askok jarraitzen dugu". El Drogas muskariaren "babes handia" izan zuten hasieran, Leozek azaldu duenez, eta horrek "rock-munduko ate asko" ireki zizkien. Proiektua hasi zutenean, guztiek ez zuten "musikaren inguruko jakintzarik", baina urteek aurrera egin ahala "geroz eta gehiago" ikasten joan direla dio.
Kontzertu kopuru handia
Kontzertu asko jo dituzte urte hauetan guztietan, baina azken urteotan "kopurua jaitsi" egin behar izan dutela dio taldeko kideak. "Kontzertu erritmo berarekin jarraituz gero, astero birritan joko genuke. Azkenean, boluntarioek bestelako kontuak ere izaten dituzte egunerokoan, eta pertsona asko gara. Hilean behin jotzen dugu orain, nahiz eta salbuespenak ere egiten ditugun", gehitu du.
Hala, Eskoriatzakoa izango da Motxila 21 taldearen hurrengoa, eta taldekide guztiak "oso gogotsu" daudela onartu du Leozek: "Bidaia bakoitza motibazio iturri handia izaten da taldekideentzat, eta Eskoriatzan jotzeko ere gogotsu daude. Urduri egoten dira eszenatokira igo aurretik, baina dagoeneko barneratuta dute zer den oholtzara igotzea".